euskara

'Marigoran kikunbera' izango da 2010eko Bermeoko Ibilaldiaren leloa

Maiatzaren 30erako aurreikusita dago. Bizkaiko ikastolen ospakizunera begira lan asko dutela iragarri dute antolatzaileek.

Busturialdekohitza.info
2009ko ekainaren 23a
13:51
Entzun
Marigoran kikunbera leloa duen 2010eko Bermeoko (Bizkaia) Ibilaldia aurkeztu dute gaur. Maiatzaren 30erako aurreikusita dago. Eleizaldetar Luis ikastolako lehendakari Markel Goikoetxeak, Aintzane Egaña ikastolako zuzendariak, Manu Aurrekoetxea Bizkaiko Ikastolen Elkarteko zuzendariak eta Xabier Legarreta Bermeoko alkateak aurkeztu dute euskararen aldeko festa. Ospakizunera begira lan asko dutela iragarri dute antolatzaileek.

Bi helburu nagusi izango ditu Ibilaldiaren 32. edizioak; batetik, "ikastolaren proiektua ezagutarazteko aukera paregabea" izango da, "inguruan ikastola eredua indarberritzeko baliagarria" izateaz gain. Bestetik, euskararen aldeko jaialdian lortzen duten diruarekin "azpiegitura batzuk" egokituko dituztela "eta beste berri batzuk" jarriko dituztela adierazi dute antolatzaileek.

"Gune estaliaren beharra" dutela azaldu dute antolatzaileek. Horrez gain, jantokia, infogela eta jolasgunea, besteak beste, "eskas" geratu zaizkiela jakinarazi dute.

Marigoran kikunbera leloa

Ibilaldiko leloari dagokionez, Egaña Eleizaldetar Luis ikastolako zuzendariak azaldu duenez, "gorantza datorren marean guk kikunbera (buruz behera uretan salto egin) egiten dugu".

Ikastolen inguruko mundua eta euskara modu metaforiko batean definitzeko "gorantz datorren itsasoko marea" aukeratu dutela adierazi du Eleizaldetar Luis ikastolako zuzendariak. "Ikastolen marea, euskararen marea... Mundua bera dator gorantz", gaineratu du. Haren esanetan, "horren aurrean, bigarren berbagaz, guk kikunbera egiten dugu; buruz murgiltzen gara marea horretan".

Bestetik, lema horrek "inplikazioa" ere iradokitzen duela azaldu dute antolatzaileek, hain zuzen, "datozen ur berrietan bustitzeko jokaera" agertzen duelako, "urrunetik begira egon beharrean, parte hartuz".

Herriarentzako aurkezpena, gaur iluntzean

Gaur iluntzerako herritarrek parte hartzeko ekimena prestatu dute. 19:30ean elkartuko dira Bermeoko Kafe Antzokian hango fanfarrearekin batera eta ondoren, herrian zehar ibiliko dira "kalejira alai eta zaratatsu batean".

20:45ean Kafe Antzokira bueltatuko dira eta musika eta ikus-entzunezko emanaldiak hartuko dituen aurkezpena egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.