Iraia Iturregi pregoilaria gertu zuela egin ditu Marijaiak bart gauean Bilboko itsasadarrean zehar azken metroak. Mesedeetako zubitik udaletxekorako bidea egin du, eta euria lagun izan du azken uneetan. Festen amaieran, Iturregik eskerrak eman dizkie herritarrei jaietan jasotako babesarengatik eta "aste ahaztezin bategatik". Gauerdian su eman diote Marijaiari, eta datorren urteko Aste Nagusira arte agurtu dute.
Jone Artola txupinerak ez du azken ekitaldi horretan parte hartu. Haren izendapena baliogabetu zuten auzitegiek, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak hala eskatuta, Etxerat elkarteko kidea zela eta. Konpartsek omenaldi bat egin zioten Artolari Marijaiari su eman aurretik.
Festetako ikurra erre baino lehen, Galiziako Xaraiva etxeak eskaini zuen su festen azken ikuskizuna. Etxe horrek irabazi du aurtengo txapelketa.
Hala eman diote amaiera Bilbon bederatzi eguneko jaiari.