Atxiloketa

Marije Fullaondo Batasuneko zuzendaritzakidea atxilotu dute Errigoitin

Ekainetik Batasunaren zuzendaritzako 21 lagun sartu dituzte kartzelan. "Ezker abertzalearen ideiak aurrera eramateko milaka pertsona daude kalean", esan du Fullaondok berak gaur goizean.

2007ko abenduaren 18a
18:47
Entzun
Espainiako Poliziak Marije Fullaondo Batasuneko zuzendaritzakidea atzeman du gaur Errigoitin (Bizkaia), Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Batasuna auzia dela-eta, polizia iturriek diotenez. 17:00ak baino zerbait lehenago atxilotu dute, bere etxearen ondoan; etxea miatzen ari dira poliziak. Gernika-Lumo ondoan dago Errigoiti.

"Ezker abertzaleko kide asko kartzelara sartu dituzte baina, zorionez, ideiak ezin dira atxilotu, eta ezker abertzalearen ideiak aurrera eramateko milaka pertsona gaude kalean", esan du gaur goizean Fullaondok berak Euskadi Irratian. Horretaz gain, Batasuna EAJrekin biltzeko prest dagoela adierazi du, EAJk alderdiekin bilera saila hasteko asmoa agertu duela-eta.

Getxokoa (Bizkaia) da hura, eta 2004ko ekainaren 13an Europako hauteskundeetan Herritarren Zerrendaren (HZ) zerrendaburua izan zen -HZ baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek-.

Auzi berean urriaren 4an Seguran eta Olabarrian (Gipuzkoa) Batasuneko beste hainbat zuzendaritzakide atzeman zituzten, eta gero espetxean sartu. Hauek (17): Imanol Iparragirre, Mikel Zubimendi, Jon Garai, Juan Kruz Aldasoro, Anjel Mari Elkano, Rufi Etxeberria, Hasier Arraiz, Ibon Arbulu, Aner Petralanda, Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena, Marisa Alejandro, Arantza Santesteban, Maite Fernandez de Labastida, Maite Diaz de Heredia, Joana Regeiro eta Ana Lizarralde. Orduan beste sei lagun ere atzeman zituzten, baina aske geratu ziren gero -haietatik lau, bermepean-.

Egun batzuk geroago Beasainen (Gipuzkoa) Asier Imaz eta Madrilen Gorka Diaz atxilotu zituzten, eta hauek ere kartzelan dauzkate urriaren 18tik.

Beste auzi batzuk direla kausa, alderdi bereko agintaritzako kide Arnaldo Otegi ekainetik dago preso eta Joseba Alvarez urritik.

Beraz, ekainetik Batasunaren 21 zuzendaritzakide sartu dituzte kartzelan.

Askatasunaren salaketa

Askatasunak salatu egin du gaurko atxiloketa. "Errepresio fronte guztiak irekiak ditu Espainiako Gobernuak. Independentziaren aldeko borroka da suntsitu nahi dutena, eta horri erantzuten dio hiru hilabetean 170 lagun atxilotu, ehun espetxeratu eta 25 torturatu utzi dituen plangintzak. Baina errepresioak nekez lortuko du independentziaren aldeko borroka amaitzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.