Erlijioa

Mario Izeta izendatu dute Bilboko gotzain

Gotzain laguntzaile izan da orain arte, eta haren izendapenak ez du harridurarik sortu. Joan den martxoan Ricardo Blazquez Valladolideko (Espainia) artzapezpiku izendatu zutenetik. Eliza Katolikoko sektore eskuindarrenekin lotu izan dute Izeta.

2010eko abuztuaren 24a
13:05
Entzun
Mario Izeta (Gernika, 1965) izendatu du Benedikto XVI.a aita santuak Bilboko gotzain, Ricardo Blazquezek utzitako lekua betetzeko. Azken bost hilabeteetan, martxoan Ricardo Blazquez Valladolideko artzapezpiku izendatu zutenetik, hutsik zegoen Bilboko gotzaintza, eta Izetaren izendapenak ez du harridurarik sortu: duela bi urte Karmelo Etxenaguisaren ordez gotzain laguntzaile izendatu zutenetik haren izena bolo-bolo zebilen Bilboko azpepiku izateko.

Opus Deiren Nafarroako Unibertsitatean egin zituen Izetak teologia ikasketak eta ondoren Kordobako (Andaluzia, Espainia) Apaiztegian sakondu zituen. 1994an egin zen apaiz, Kordobako katedralean. Hain zuzen ere, orain 2 urte Euskal Herrira itzuli arte Kordoban aritu zen apaiz lanetan. Teologia ikasketak ez ezik, Medikuntzan ere doktore da eta bioetikari buruz egin zuen tesia.

Euskal Elizako zenbait sektorek Espainiako Elizako hierarkiaren jarrera «hertsi eta atzerakoiarekin» lotu izan dute, eta euskal Elizan jarrera horien defendatzaile izateko izendatu zutela esan izan dute. Gotzain laguntzaile izendatu zutenean, Bizkaiko Elizako setkore aurrerakoienak aurka agertu ziren.

Izendapenek kezka sortu dute

Azken urteetan Vaticanoak Euskal Herriko elizbarrutietan egindako izendapenek kezka eta ezinegona eragin dute. Aurrena, Francisco Perez Gonzalez Iruñeko artzapezpikuaren izendapena izan zen; gero, Mario Izeta Bilboko gotzain laguntzailearena, ondoren, Marc Aillet Baionako apezpikuarena,, gero, Juan Ignacio Munilla Donostiako gotzainarena, eta, azkenik, Izeta gotzain izendatzea. Askoren ustez, hautaketen atzean, hainbat urtean euskal Elizak jarraitutako ibilbidea eteteko asmoa dago. Bertako Elizaren «vatikanizazio prozesua» deitu izan diote, eliza «integrista» bihurtzeko.

«Kontserbadoreen alde egiten ari dira. Aldaketa poliki ari da gauzatzen, baina nabaria da». Aditu askoren arabera, Euskal Herriko Eliza politikan gehiegi inplikatu dela uste du Vatikanoak, eta soslai erlijiosoagoa duten gotzainen alde egiten ari dira. Espainiako Gotzainen Batzarraren eskua ere ikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.