IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak Julio Araluze beka eman ohi du ikerketa sozial eta historikoak sustatzeko. 2011ko deialdia Mario Zapata soziologoak irabazi zuen, Migratzaileentzako harrera eragileak eta euskara izeneko ikerketa egitasmoarekin. Proiektu horri jarraikiz, duela gutxi Aniztasunaren Gida aurkeztu dute Zapatak eta IPESek, Euskal Herrian aniztasunaren inguruan lan egiten duten elkarteen bilduma.
Zer da Aniztasunaren Gida?
Abiapuntua da Euskal Herrian berezkoa den euskal identitateaz gain badaudela beste hamaika identitate, kultura eta jatorriarekin lotuta. Hori jaso nahi izan dugu gida honetan: jatorri eta kulturaren aniztasunaren ikuspegitik, Euskal Herrian dauden eragileen mapa bat.
Etorkinak biltzen dituzten elkarteez gain, bestelakoak ere jaso dituzue, esaterako, arrazakeriaren kontra lan egiten duten erakundeak.
Bai, eta beste batzuk ere, euskal kulturakoak, euskalgintzakoak, eta abar. Izan ere, aniztasunaren ikuspuntua ez dago soilki lotuta immigrazioarekin. Berez, aniztasunaren kudeaketa denoi dagokigu, ez da bakarrik eragile batzuen arazoa, jendarte osoarena baizik. Aniztasunaren kudeaketa integrala egingo bagenu, denok izan beharko genuke ikuspuntu hau kontuan, genero berdintasuna edo euskara izan beharko genituzkeen bezala, baina, praktikan, denek ez dute zeharkako ikuspuntu hori bere egin. Badaude hainbat arlo eta esparrutan lan egiten duten eragileak, baina, errealitatea kontuan hartuta, ikuspegi hori dutenak bildu ditugu gidan.
Esan duzu aniztasuna ez dagoela soilki immigrazioari lotuta. Zer esan nahi duzu horrekin?
Immigrazioa ere kontuan hartu behar da, esparru horretan ere politikak eta programak jarri behar dira abian, baina aniztasuna immigrazioa baino ez dela pentsatzen badugu, abiapuntua hankamotz geldituko zaigu. Aniztasuna harago doa, eta badaude beste errealitate batzuk ikuspegi horretatik ihes egiten digutenak. Ijitoena, esaterako. Ijito herriaren errealitatea jatorriarekin lotuta dago jatorri bat aldarrikatzen dutelako, baina ez da immigrazioan sartzen.
Beharbada, immigrazioaren kontzeptua bera litzateke auzitan jarri beharko litzatekeena?
Gaia aniztasunaren terminoetan jorratzen badugu, nire ikuspegitik, ez dugu mugarik jartzen. Kontua ez da Ekuadorretik etorri berri dena etorkina dela, edo Galiziatik duela hogei urte etorri zena etorkina den ala ez. Aniztasunaz ari garenean, esan nahi duguna da badaudela jatorri eta kultur identitatearekin lotutako errealitate batzuk, eta horiek kudeatu behar direla. Gu ez gara nor inori etiketa jartzeko, eta berdin zait norbait immigrantea den ala ez; garrantzitsuena da adieraztea hor badagoela errealitate bat, eta hori kontuan hartu behar dugula.
Gida, izenak adierazten duen bezala, zerrenda bat da, direktorio moduko bat, baina, hori egitean, atera al duzue ondorio kualitatiborik edo gogoetarik?
Esaterako, atentzioa eman digu ikusteak zenbat jende dagoen perspektiba horrekin lanean. Lan honekin hasi nintzenean, Euskal Herriko zenbait tokitan zeuden erreferentzia bakanak biltzeari ekin nion, gehituz joan nintzen, eta, azkenean, aurkitu dudan errealitatea da mila eragile sozial baino gehiago daudela Euskal Herrian era batera edo bestera aniztasunaren kudeaketarekin lotuta daudenak, administraziokoak alde batera utzita. Kopuru hori oso adierazgarria da. Jatorri eta kultur identitate bati lotuta dauden elkarteak ere asko dira, bostehunetik gora, Afrikako migratzaileen elkarteak izan daitezkeenak, Ekuadorri lotuta daudenak, edo Galiziatik etorritako pertsonak biltzen dituzten elkarteak. Horiek dira Euskal Herriko berezko identitatea ez den beste identitate baten inguruan antolatuta daudenak.
Bestelakoak ere badaude.
Beste eragile batzuk badaude lanean, aniztasuna, elkarbizitza, kulturartekotasuna eta antzeko helburuak dituztenak. Eta, bestalde, erlijio aniztasunarekin lotutako eragileak ere badaude. Izan ere, erlijio aniztasuna lotuta dago jatorri eta kultur aniztasun horrekin. Herri batzuetan, esaterako, ez dago marokoarren elkarterik, baina badago komunitate islamiar bat, eta horrek atzean badu aniztasunaren ikuspuntua.
Hainbeste eragile izateak esan nahi du Euskal Herrian modu egokian kudeatzen dela aniztasunaren gaia?
Hor badago maila politiko-instituzionala, gurean aztertu ez dena, eta badago beste maila bat, eragile sozioekonomikoekin lotuta, guk gidan jaso duguna. Azken horri dagokionez, positiboa da ikustea badagoela elkarte multzo bat gai hau beren agendan sartu dutenak. Baina askoz gehiago izan beharko lukete. Eragile asko oraindik ez dira ohartu beraiek ere zeresana badutela gai honen inguruan.
Euskal Herria estaturik gabeko nazioa izateak nolako eragina du aniztasunaren gaia egokiro kudeatzeko garaian?
Ezinbesteko eragina du, eta, horregatik, osagai hori txertatu behar da gure ikuspegian, alegia, Euskal Herriak, estaturik gabeko nazioa izanik, berezko ikuspegia izan behar duela, nahi eta nahi ez egoera eta abiapuntua desberdina delako Madrilen, Parisen edo Erroman dutenarekin alderatuta. Hori kontuan hartu gabe, egiten duguna desbideratuta egon daiteke edo herri honen beharren kontra jotzen ahal du. Adibidez, euskalgintzaren ikuspegitik, ez da baztertu behar euskal hizkuntza eta kulturaren alde egiten dugun lana, inondik inora, baizik eta elkarrekiko ezagutza eta onespena bilatu behar dugu beste kultura eta errealitate horiekin.