Eskapularioak saltzen aritu dira jai batzordekoak eta laguntzaileak goizetik. AEK-ko eta euskalgintzako beste langileak baserrietan bilduriko produktuz beteriko erosketa orgarekin ibili dira, kalabaza baten pisua zehatz asmatuko duenari emateko.
Maritxu Kajoi jaia 1977. urtean hasi zen. Orduan, lan eguna amaitu eta beharginak lantegietatik ateratzen zirenean, txikiteroenak ziren kaleak. Tabernetan ez zegoen musikarik, eta kantuz aritzen ziren lagun taldeak, ardoak berotuta. Horietako bat Arrasateko parrokiatik pasa zen. Elizaren ertz batean, horman, hutsarte bat dago eta han ama birjin baten figura bat, kristal eta zurezko kutxa batean sartuta. Basoerdia hartu eta «hau kajoiko Maritxurentzat» esan omen zuen mozkor taldeak. Geroztik urtero egiten dute parrandazaleek eskaintza ironikoa, eta Maritxuk ere, mirari ironiko batekin erantzuten die.
Eguerdian Arrasateko txalapartari taldeak ekarri dio lore sorta kajoiko Maritxuri. Ordurako jarrita zeuden beste hainbat lore sorta. Bakoitzak eskaintzaileen izenak zuen: Zubipetarrak, Maripurixak, Sudurgorriak...
Urtero gai bati eskaintzen diote jaia antolatzaileek. Aurrekoetan, besteak beste, Katalunia, Eskozia, Palestina izan dituzte gogoan. Aurtengoan, Emakumeen Mundu Martxari eskaini diote mezua, gaur bertan aldameneko Bergaran (Gipuzkoa) dabilelako. Eraso sexisten aurkako kanpainari bultzada eman nahi izan diote, Arrasaten ere.
Miraria, 20:30ean gertatuko da. Urte batean, irudiaren azpian dagoen iturriko ura ardo bihurtu zuen Maritxu Kajoik. Beste batean euro zaparrada erori zen parrandazaleen gainean. Gaur zer egiten duen ikusteke dago. Baina miragarria izango da.