Gipuzkoa

Markel Olano hautatu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi, EAJ eta EAren 23 botoekin

Markel Olano izango da Gipuzkoako Batzar Nagusietako ahaldun nagusi hurrengo agintaldian. EAJ eta EAren arteko akordioak eman dio garaipena, bigarren bozketan, PPk ez dizkiolako eman bere botoak Miguel Buen PSE-EEko hautagaiari eta Ezker Batuak-ek zuri eman duelako botoa, Aralarrek bezala.

2007ko uztailaren 6a
23:23
Entzun
Markel Olano EAJko hautagaiak (Beasain, 1965) irabazi du Gipuzkoako ahaldun nagusia izendatzeko bozketa. Bigarren saioan lortu du garaipena, gehiengo soilarekin, lehenengoan hautagaietako inork ez duelako lortu gehiengo osoa. Bere alderdiaren eta EAren botoak jaso ditu Olanok, Joseba Egibarrek eta Iñaki Galdosek aste honetan sinatu duten akordioa jarraituz. Bi alderdi horiek izango dira Batzar Nagusietako Gobernuan, eta akordioan adostu ziren moduan, jeltzaleek sei sail izango dituzte, eta EAkoek lau, Ogasun saila barne.

23 boto jaso ditu guztira Olanok, EAJren 16 eta EAren 7. Miguel Buen PSE-EEko hautagaiak ez ditu nahikoa izan bere alderdiaren 16 botoak. Espero zen arren, PPk ez dio babesik eskaini Bueni, eta euren hautagaia bozkatu dute popularrek 6 botoekin. Ezker Batuak eta Aralarrek zuri bozkatu dute, nahiz eta Ezker Batuak-ek azken unera arte bere botoarekin zer egin erabaki ez. EBk lau batzarkide ditu, eta Aralarrek, bi. Aralarrek atzo erabaki zuen zuri bozkatzea, eta EBk gaur, hautagaien diskurtsoak entzun ondoren.

Olanok eta Buenek goizean egin dituzte hitzaldiak, eta Izagirre ez du inork konbentzitu. "Nire lagunei galdetu beharko diet zer egin. Egia esan, definiezina da orain gauden egoera. Inork ez die erantzun guk egindako eskaerei", adierazi du Izagirrek. "Fiskalitate justua, garraio publiko egokia, zerbitzu sozial publikoak eta unibertsalak, eta hondakinen kudeaketa egokia nahi ditugu guk".

Olanok garrantzia eman dio bake prozesuaren gaiari, eta ETA kritikatu du, "euskal gizarteari traizio egin diolako". "Bide politikoak baino ez" direla erabili behar aldarrikatu du eta "elkarrizketaren alde" azaldu da. Espainiako Alderdien Legea desagertzeko eskatu du, bide batez. Ogasunaren arloan, "funtzionamendu zuzena bermatzeko" ahaleginak egingo dituela esan du EAJren ahaldun nagusigaiak, eta azpiegituretan "proiektu nagusiak" bultzatuko dituela. Erakunde publikoetatik euskarazko komunikabideak lagundu beharra ere nabarmendu du.

Buenen ustez, ETAren su-etenaren hausturaren dela-eta, "terrorismoa da Gipuzkoako gizartearen arazo nagusia", eta "lehentasuna" eman dio indarkeria bukatzeari eta "bakea" lortzeari. "Bestela, ezinezkoa da normalizazio politikoa ekarriko lukeen elkarrizketa egitea". Irungo Ogasuneko auzia kritikatu du, eta hori "argitzeko lan" egingo duela adierazi du. AHT, Pasaiako kanpo portua eta errauskailuaren alde azaldu da PSE-EEren ahaldun nagusigaia.

Arratsaldeko hitzaldian, errauskailuaren gaian Buenek herri galdeketa egiteko prest legokeela adierazi du. EB errauskailua egitearen kontra dago.

EAE-ANVren protesta

Gipuzkoako EAE-ANV baliogabe jo zuten Espainiako auzitegiek, eta gaur Batzar Nagusien atarian elkarretaratzea egin dute EAE-ANVkoek, Gipuzkoarren borondatea errespetatu lelopean. 72.000 boto zenbaki zituen maiatzeko hauteskundeetan eta 12 batzarkide legozkiokeela aldarrikatu du. Haren ustez, baliogabetzeen ondorioz, "hauteskundeak ez ziren demokratikoak izan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.