Markel Olanok dio Jauregiren kontrako aferan "helburua" Egibar dela

EAJren EBBko kideak ere dio Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaiaren ondasunei buruzko dosierra "alderdi barrutik sortutakoa" dela. "Hori ere argitu egin behar da".

2007ko otsailaren 23a
13:31
Entzun
Markel Olano EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) kidea kritiko azaldu da Jon Jauregi Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagai jeltzalearen ondasunei buruzko informazioa zabaldu dela-eta (aste honetan Ser irrati kateak jakitera eman duenez, Jauregik bost etxebizitza ditu, eta horietako bi deklaratu gabe dauzka), "Jauregi hautagai ez izateko helburua dagoelako, azken batean. Oso gogorra izan da haren kontrako erasoa".

Dena dela, Olanoren ustez, "komunikabideen aldetik helburua, Joseba Egibar [Gipuzku Buru Batzarreko presidentea] da", gaur Euskadi Irratiko tertulian esan duenez. "Izan ere, informazio hau atera denean maiz aipatu dute Jauregi 'Egibarren ildokoa' dela. Besteetan ere egin izan dute". EBBren lehendakaria hautatzeko azkeneko hauteskundeetan Josu Jon Imaz eta Egibar lehiatu zirenean, Markel Olano bera Egibarren alde azaldu zen.

EBBko kideak adierazi du iazko azarotik zutela Jon Jauregiren ondasunei buruzko dosierra "eta hori alderdi barruko iturrietatik sortutakoa" dela. "Gero, komunikabideei eman zieten: Prisa Taldeari -Ser bertakoa da- eta El Diario Vasco-ri. Egibarrek garai haietan Gipuzkoako batzar batean esan zuen informazio hori zabal zezaketela. Ser-ek orain ateratzea erabaki du".

Olanok uste du Jauregiren ondasunen kontua "epe laburrean argitu" egingo dela, "baina hemen datu pribatuak kanpora atera dira, hori ez da legezkoa, eta hori ere argitu egin behar da, jakin egin behar da zeinek atera dituen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.