Euskararen Aholku Batzorde berrituaren aurkezpenean Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak euskara eta indarkeria lotu izanak erreakzioak eragiten segitzen du. Atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin zien aipamena Lopezen hitzei, eta «euskara eta euskal kultura errespetatzeko» eskatu zion.
Euskararen Aholku Batzorde berrituaren bileraren karietara mintzatu zen Lopez. Haren arabera, «indarkeriaren amaierak mesede egingo dio euskalgintzari, bide berriak urratzeko aukera emango baitio eta gauzak erraztu». Esan horiek haserrea eragin dute euskalgintzan, eta hainbat alderdi politikok ere salatu dituzte. Lopezek «euskara borroka politikorako» erabili nahi izatea leporatu zien herenegun kritikak egin zizkiotenei, eta «asmo txarreko» interpretazioa egitea. «Euskara askatasunean sustatzea da gure leloa», adierazi zuen Lopezek
Forum Europan atzo emandako hitzaldian, adierazpen horiek kritikatu zituen Olanok: «Egunero-egunero gai hauei bueltaka ari gara, eta kritikatu egiten dugunean euskara helburu politikoekin erabiltzen dugula esaten digute». Horregatik, «errespetua» eskatu zuen, «Euskadiko arduradun politiko eta instituzional bati eskatubehar zaion gutxienekoa delako hori». Olanoren ustez, «batzuetan gertatzen den errespetu falta horrek giro asaldatua sortzen du». Era berean, aurreko Eusko Jaurlaritzaren «kontsentsua bilatzeko eredua irauli» egiten du. Gipuzkoako diputatu nagusiaren arabera, «penagarria den modu batean, kontsentsu hori hausten ari da».
Eztabaida politikotik atera
Blanca Urgell Kultura sailburuak, bestalde, euskara «eztabaida politikotik» ateratzeko nahia adierazi du. Etxepare Institutuak eta Espainiako Cervantes Institutuak kolaborazio hitzarmena sinatu zuten atzo Donostian, eta hura aurkezteko agerraldian, Urgellek agertu zuen «euskara euskal herritar guztien ondarea» dela.
Markel Olanok euskara «errespetatzeko» eskatu dio Patxi Lopezi
Euskara «eztabaida politikotik» ateratzeko beharra defendatu du Blanca Urgell Kultura sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu