Politika

"Marko demokratiko bat eraikitzeko unea" dela nabarmendu du Arnaldo Otegik

Alderdikeria albo batera utzi, guztien artena "marko demokratiko bat eraiki" eta Euskal Herriko gatazka gainditzeko unea dela iritzi dio gaur Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikideak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Hain justu, gatazka gainditzeko bide horretan Espaniako egungo Gobernuak, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistarenak, "ezker abertzalearen eskua zabalik" duela nabarmendu du Otegik, baina, era berean, ohartarazi dio errepresioaren bidez ez dutela ezker abertzalea desagertaraztea lortuko.

2004ko abuztuaren 4a
13:20
Entzun
Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikideak uste du une honetako lehentasuna Euskal Herriko gatazka gainditzea eta hartarako bideak jartzea dela. Hori dela eta, alderdiek beren proiektuak bigarren mailan utzita eta ardura komunari helduta jokatu beharko luketela uste du. "Orain ez da kontua proiektu abertzale batean aurrera egin edo ez, baizik eta guztioi balioko digun marko demokratiko bat eraikitzea. Hau da, herritar guztiek, hein batean, beren burua ispilatuta ikusiko duten marko bat sortzea", esan du Otegik.

"Alderdi bakoitzak badu bere proiektu politikoa, baina gauza bat erraz ulertzeko modukoa da: herritarren kezka nagusietak bat gatazka konpontzea bada, mahai gainean jarri beharrekoak gatazka konpontzeko irtenbideak direla. Bakoitzak bere proiektu politikoa jartzen badu, argi dago ez dagoela konponbiderik. Zergatik? Argi dagoelako guk gure proiektua daukagula, EAJk berea eta PSOEk beste bat", erantsi du Batasuneko mahaikideak.

"Minimo demokratikoetako" marko bat eskatzen dutela nabarmendu du Otegik; hots, Euskal Herriko osoko herritarrek, "ez bakarrik EAEkoek",beren borondatea adierazteko aukera izango duten markoa.

Batasunaren ilegalizazioa dela eta, legez kanpo utzi arren ezker abertzaleak bizirik jarraitzen duela azpimarratu du Otegik, eta, ildo horretatik, etorkizuneko hauteskundeetan ere parte hartuko dutela iragarri du. "Estatuak erabaki behar du legez edo legez kanpo parte hartuko dugun, baina, edonola ere, parte hartuko dugu", zehaztu du.

Ildo horretatik, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuari ohartarazi dio errepresioaren bidez ez dutela lortuko ezker abertzalea desagertaraztea. "Ez Francok, ez Suarezek, ez Calvo Sotelok, ez Gonzalezek eta ez Aznarrek, ez zuten lortu errepresioaren bidez ezker abertzalea desagertaraztea. Zapaterok ere, bide horretatik saiatu arren, ez du lortuko", adierazi du. Nolanahi ere, "gatazkari buruz jarrera demokratikoz mintzatzeko" ezker abertzalearen eskua zabalik duela esan dio Zapaterori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.