Marlaskak dei egin dio Iñarritu diputatuari, Guardia Zibilak hura atxiki ondoren

Poliziek kontrol batean ordu erdiz eduki zuen atzo ordezkari abertzalea, eta isuna jarri nahi izan zioten.

EH Bilduko diputatua atxikita eduki zuten kontrola, Iñarritu beraren argazkian. JON IñARRITU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 1a
16:38
Entzun

«Guardia Zibilak gelditu egin nau kontrol batean. Etxera noala azaldu dut. Nortasun agiria eskatu didate eta diputatu agiria. 20 minutu geroago, isuna jarriko didatela esan didate. Ez didate arrazoiaren berri eman nahi izan, ezta salaketa agiria ere. Deitu ondoren, barkamena eskatu dute akatsarengatik». Hala kontatu zuen gertatutakoa Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak atzo, Twitterren. Espainiako Kongresuko Osasun Batzordean parte hartu zuen diputatuak, eta Euskal Herrira itzultzen ari zela atxiki zuten.

Madrilgo erkidegoan zegoen kontrola, La Cabrera herriaren parean. Guardia Zibilaren arabera, herritarrak bigarren etxebizitzetara joatea galarazteko kontrol bat zen, Larrialdi Egoerak ezarritako debekuari jarraiki. Guardia zibilek esan zioten diputatuari arau hauste larriarengatik jarriko ziotela isuna, hiri segurtasunaren legea ezarrita, hau da, mozal legea. 601 eta 30.000 euro arteko zigorra ezar dezakete poliziek horren arabera. Salaketa agiriaren kopia eskatu zuen diputatuak, baina kontrolaren arduradunak ez zion eman nahi izan.

Geldituta zegoen bitartean, Iñarrituk dei egin zuen Segurtasunerako Estatu Idazkaritzara, gertatzen ari zena azaltzeko. Antza denez, handik dei egin zieten guardia zibilei, eta, hauek isuna bertan behera utzi zuten, eta barkatzeko esan zioten diputatuari.

Iñarrituk adierazi du isuna jartzeko asmoak zerikusia duela Madrilgo Kongresuan egin duen lanarekin. Izan ere, joan zen astean bertan ganbera horretan salatu zuen poliziek dagoeneko 740.000 isun jarri dituztela mozal legea erabilita, konfinamendua ezarri zutenetik. Fernando Grande-Marlaska Espainiako barne ministroak azalpenak eman behar izan zizkion diputatuari Kongresuko kontrol batzordean. Joan zen asteartean ere, gai beraren inguruan galdetu zion.

Marlaskak berak deitu egin dio Iñarrituri kontrolean gertatutakoaz galdetzeko. Kongresuko presidente Meritxel Bateten deia ere jaso du diputatuak.

Baina Iñarritu ez da ordezkari publikoen kontrako kontrolak salatu dituen bakarra. Laura Borras Junts Per Catalunya alderdiak Espainiako Kongresuan duen eledunak erantzun egin zion atzo Iñarrituri, Twitterren bidez, eta berari gertaturikoaren berri eman zion. «Atzo AHTan polizia batek ohiko galderak egin zizkidan. Diputatua nintzela esan nionean, begietara begiratu ninduen (neure aurpegitik ikus zitekeen gauza bakarra) eta galdetu nion agiria behar ote zuen: 'Ez da beharrezkoa. Badakit nor zaren'. Kontrolatuta gaituzte, Jon. Ez gaituzte engainatzen: bazekiten nor zinen».

Iñarrituk isuna nahikariaz jarri nahi izana leporatu zion kontrolaren buruari. «Diputatu batekin egiten badute, zer ez dute egingo gainerako herritarrekin...», idatzi zuen, eta gogoratu zuen joan zen asteazkenean bertan salatu «zuela isun askoren proportzio falta eta arbitrariotasuna».

Joan zen astean antzeko gertakari bat salatu zuen EH Bilduk. Kongresura zihoan koalizioaren aholkulari bati isuna jarri zion Espainiako Poliziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.