Ostiralean Jaizkibelgo harkaitzetan ez aurrera ez atzera geratu zen Maro ontzia, eta gaur arte atzeratu zuten atzo erregaia biltzeko eta lehorrera ateratzeko lana, eguraldi txarrarengatik.
Itsas Salbamenduko teknikariek eta ontziko makinetako arduradunak erregaia biltzeko lana atzo bertan hastea aztertu zuten, baina berehala etsi behar izan zuten, enbatarengatik.
Baionatik Pasaiara zihoala jo zuen Maro ontziak Jaizkibelgo itsaslabarrak ostiralean, eta ordutik han da. Barruan 54 tona gasoil eta 2,6 tona olio ditu, eta itsasora isuriko balira, hondamendi ekologiko handia eragin dezake. Dagoeneko erregaiaren zati bat itsasora isuri dela adierazi du Pasaiako portuko itsas kapitainak. Hain zuzen ere, itsasoan isuriaren orbanak ikusten ahal dira airetik ikusita. Oraingoz zenbat olio eta gasoil isuri den, ordea, ez dute zenbatu ahal izan.
KAMIOIAK EZIN DIRA GERTURATU. Lehorrean prestatuko dituzte ontzi batzuetara sartu nahi dute ontziko erregaia, baina zailtasun tekniko handiak daude horretarako, zeren horretarako behar diren kamioiak ezin dira itsasoko lehen-lehen lerroraino hurbildu. Horregatik, tutu handi batzuk beharko dituzte erregaia ponpatzeko itsasontzitik kamioietaraino.
Hain zuzen ere, lanean ari direnek kezka azaldu dute, eta adierazi lehenbailehen salbatu behar dela erregaia, ontziaren egitura oso kaltetua dagoelako, eta puskatzeko arriskua dagoelako. Gaurko itsasoko egoera okertuko dela diote eguraldi iragarpenek.
Salbamendu lanetan ari direnek ez dute baztertu ontzia itsasoratzea, baina aukera gutxi dituen hipotesia dela diote, Maro oso egoera kaxkarrean baitago horretarako.
'Maro' ontziaren erregaia biltzeko lana atzeratu dute, eguraldi txarrarengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu