Javier Maroto Gasteizko alkatetzarako hautagai aurkezteko ekitaldia egin du PPk; bertan, Alfonso Alonso Arabako PPko presidenteak esan du alderdi hori "duintasunaren eta batasunaren alderdia" dela, "beste edozein talde edo naziotasunen gainetik".
Marotok nabarmendu du bere "bandera" Gasteiz dela eta bere helburua "politikan zuzena dena egitea" dela: "Amaitu da politikoki zuzena. Gauzei beren izenez deituko diet". Uste du zenbait herritarrek ez dutela "hitza hartu bidezkoa dena defendatzeko", eta horiek babesteko konpromisoa agertu du.
Amaia Martin Irabazi Donostiako zerrendaburu
Irabazi Donostiak, berriz, jakinarazi du udal hauteskundeetan Gipuzkoako hiribururako zerrendetan aurkeztuko dituzten lehen bost hautagaien berri. Amaia Martin izango da zerrendaburua; 33 urte ditu, eta erizain laguntzailea da. "Gazte ezkertiar eta errepublikanoa, gazteriaren egoeraz eta aberastasunaren banaketa bidegabearen ondorioez kezkatuta"; horrela deskribatu du bere burua Martinek.