arrazakeria

"Marotok eta PPk piztu dute sua"

Astelehenean etorkinak defendatzeagatik jo zuten gizonak salaketa aurkeztu du. SOS Arrazakeriak eta Batera elkarteak Moroto egin dute gertatutakoaren erantzule.

Santiago J.A.V. gasteiztarra eta Fede Garcia SOS Arrazakeriak elkartekoa, gaur goizeko agerraldian. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
2014ko azaroaren 6a
14:28
Entzun

Santiago J.A.V. gasteiztarra —ez du izena osorik eman nahi izan—, etorkinak defendatzeagatik jo zuten gizona, gertatutakoaz mintzatu da, SOS Arrazakeriak deitutako agerraldi batean. Azaldu duenez, salaketa aurkeztu zuen gertatutakoaren "froga bat" gera zedin, baina epaileari esango dio ez duela nahi jo zion gizonarentzako zigorrik. Esan du gizonak iseka egin, eutsi, eta hiru ukabilkada eman zizkiola, eta hori dela-eta ospitalera eraman behar izan zutela.

Astelehenean izan zen erasoa, Gasteizko Pilar auzoko gizarte etxean. Herritarren arretarako zerbitzuaren ilaran hainbat lagun zeuden zain, eta horietako bat etorkinen aurka hitz egiten hasi zen: besteak beste, esan zien bertan ez baleude ilara motzagoa litzatekeela, eta hobe luketela sorterrira itzuliko balira. Ilaran zegoen beste herritar batek kargu hartu zion, eta hark kolpeka erantzun zion.

Zentsura mozio eskaera

SOS Arrazakeria elkarteak Marotoren aurka zentsura mozioa aurkezteko eskatu die Gasteizko Udaleko oposizioko alderdiei. "Marotok eta Alderdi Popularrak piztu dute sua", esan du Fede Garcia bozeramaileak, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu die. "Hildako bat egon arte itxaron behar al dugu?". Azaldu du, gainera, hirian lan sozial asko dagoela eta udalak diru laguntzak jasotzen dituztenak kontratatu beharko lituzkeela horiek egiteko.

Batera faxismo eta arrazakeriaren aurkako plataformak ere nabarmendu du Gasteizen izandako "eraso arrazistaren ardura intelektuala" Javier Maroto Gasteizko alkateak duela. Plataformak ohar batean azaldu duenez, alkateak eztabaida "faltsu, arriskutsu eta engainagarria" sortu du diru sarrerak bermatzeko errentaren gainean, jatorriagatik biztanleriaren zati bat "iruzur susmopean" jarri duelako. Hori horrela, kanpaina "bidegabe" hori eteteko eskatu dio Baterak Marotori.

Horrekin batera, esker ona eta elkartasuna adierazi diote erasoa jasan duen gizonari, eta agintariei eskatu diete gertatutakoa ez dadila zigorrik gabe gera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.