Kanpaina indartsua jarri zuen abian joan den urtean Javier Marotok Ayudas+Justas plataformaren gidaritzapean, Gasteizko alkate zela. Zazpi puntuko proposamena aurkeztu zuen etorkinei oinarrizko errentaren baldintzak gogortzeko, "laguntza sozialak bai, baina legeak abusuak onartzerik ez dugu nahi" argudiatuz. Sinadurak biltzen izugarrizko lana egin dute azken hilabeteotan, baita salaketa jaso ere herritar bat "mehatxatzeagatik". Proposamenak, ordea, bide laburra izan du. Eusko Legebiltzarrak ez du tramitatuko, hau da, ez dute eztabaidatu ere egingo gaiaren inguruan.
DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak "egoera okerrenean" daudenei bideratu behar zaizkiela eta "bizitza duin bat" izan dezaten errekurtso minimo batzuk bermatu behar direla adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren exekutiboak.
Erabakia "ile-hartzea" dela eta 37.000 sinadura "zaborretara botatzen dituela" salatu du Marotok. "Sinadura horien guztien bidez, herritarrek esan dute egungo laguntzen sistemarekin kezkaturik daudela eta hobetu egin daitekeela". Beste behin, errepikatu du euren proposamenak ez dituela murrizketak egiten, "gehiegikeriak eta iruzurra deuseztatzea" duela helburu. Gogor kritikatu du gainerako partidu politikoen jarrera, ez dutelako gaiaren ingurun hitz egin nahi.
Gaur bertan jakinarazi dute iniziatibak ez duela lekurik izango Legebiltzarrean, EAJk, EH Bilduk eta PSEk kontra bozkatu dutelako, gehiengo osoz. Segituan erantzun du Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteak: "Proposamena tramitatzeari uko egitea herritarrak harrokeriaz mespretxatzea eta gutxiestea da, laguntza sozialak arrazionalizatzea helburu duten mila ahots eta mila sinadura isiltzen dituelako erabakiak".
Amaia Arregi EAJko parlamentariak "errespetua" azaldu du herritarren sinadurekiko, baina testuaren "oinarria" eta Marotok urte osoan zehar egindako hainbat adierazpen arbuiatu ditu. Aldi berean, ez dio aterik itxi iruzurra eragozteko neurriak areagotzeari.
Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak Marotoren eskaera kritikatu du, "xenofobiaren botoak jasoko zituelakoan, etorkinak kriminalizatzea" izan duela helburu salatuz. PSEko bozeramaleak, Jose Antonio Pastorrek, aldiz, azpimarratu du proposamenaren oinarrian Marotok sortutako xenofobiaren inguruko "eztabaida faltsua" dagoela eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio iruzurrari aurre egiteko, baina aldi berean, ziurtatzeko beharra duen herritarrik ez dela laguntzarik gabe geratzen".