"Batez ere laguntza publikoetatik bizi dira, eta ez dute inolako interesik lan egiteko edo integratzeko". Javier Maroto Gasteizko alkateak orain gutxi hirian bizi diren etorkin magrebtarrei buruz egindako adierazpenak dira, eta kritika eragin dute talde politikoetan —EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk aurka egin dute— eta etorkinen alde ari diren gizarte eragileen artean. Hain justu, talde politikoek ontzat jo dute adierazpen horiek gaitzesteko asmoz SOS Arrazakeriak eta Ongi Etorri elkarteak aurkeztu duten mozio bat.
Ohartarazi dute "oso arriskutsuak" direla Marotoren adierazpenak, eta bozak lortzeko asmoz besterik ez dituela esaten horrelakoak, inolako funtsik gabe. Hitz horiekin gizarte sektore bat "baztertzea" besterik ez dela lortzen ohartarazi du EAJko Gasteizko Udaleko zinegotzi Blanca Guineak. Antzera mintzatu da EH Bilduko ordezkari Kike Fernandez de Pinedo: "Zinez arduragabeak dira adierazpen horiek".