Enrique Martin de Marcos izango da gaurtik aurrera Nafarroako PPko presidentea, Santiago Cerveraren partez. Goizean ekin diote VI. Kongresuari, Iruñean, eta 17:30ak aldera jakingo da bozketaren emaitza. Dena dela, Martin de Marcos presidente ateratzeko akordioa lortua du PPk, biltzarrean hautagaitza zerrenda bakarra aurkeztu baita, hura dela buru. Ana Beltran izango da presidenteordea.
Cerverak aurkeztu du balantze txostena, eta PPk Nafarroan egindako lana aldarrikatu du. Urte askoan UPNrekin batera aritu ondoren, iazko udal eta foru hauteskundeetan aparte aurkeztu ziren. PPk lau parlamentari eskuratu zituen —23.000 boto—, UPNk hemeretzi.
UPNk eta PSNk osatzen dute Nafarroako Gobernuak, eta Cerverak uste du exekutiboak ez duela sinisten erreformen beharrarekin. PPk horretarako akuilu lana egin beharko duela esan du.
Maria Dolores de Copedal Espainiako PPko idazkari nagusiaren hitzaldiarekin amaituko dute biltzarra. Baluarte jauregian ari dira egiten.
EAEko PP ere ari da biltzarra egiten —XIII.a—, Bilbon, Euskalduna jauregian. Antonio Basagoitik jarraituko du presidente karguan. "Subiranismoaren olatuaren" alternatiba PP dela azaldu du.