Hainbat agintari izan dira gaur goizean hasiera ekitaldiko zinta mozketan. Ane Karrere alkateak bere mintzaldian nabarmendu du euskararen industriak Andoainen duen garrantzia, eta aipamen berezia egin dio Martin Ugalde Kultur Parkeari. Hauteskunde kanpainan Andoainera hurbildu diren hautagaiei esan die garai larriak izanda ere hezkuntzan murrizketarik ez egiteko. Bi ziren gaur hasiera ekitaldi horretan: Iñigo Urkullu EAJkoa eta Laura Mintegi EH Bildukoa.
Martin Garitano ahaldun nagusiak hitza hartu duenean zorionak eman dizkie Aita Larramendiko ikasle, irakasle eta arduradunei. Aldundiak euskalduntzearekin konpromiso sendoa duela esan du, eta belaunaldi berriek ere konpromiso hori erakutsi dutelako. Euskarak normalizazioa behar duela azpimarratu du eta asko aurreratu den arren, euskaldunak ez direla ase gaineratu du.
Astelehenean iragarri zuen Aldundiak harremanetan euskara lehenetsiko duela, barruan eta kanpoan. Gipuzkoa lurralde euskalduna dela baina gero eta euskaldunagoa behar duela gaineratu du. "Iaz konpromisoa hartu genuen, lehentasunak jartzeko, eta betetzen ari gara. "Euskaraz bizitzeko eskubidea lehentasuna da, eta horretarako bat egin behar dugu, mehatxuen gainetik".
Zelaa, hezkuntzaren erreformaren aurka
Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hartu du ondoren hitza. Horrek Espainiako Gobernuak Hezkuntzan egin duen erreformaren kontra egin du. "Onartezinak dira proposamenaren mamia, eta horrekin batera, Euskadiren hezkuntza eskumenak mozteko asmoa, gure autogobenua mozteko asmoa".
Zelaak azpimarratu du ikasleek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituzten emaitzak. Esan du, gainera, euskal hezkuntzak erro sendoak dituela. "Kontraerreforma" horri aurre egin behar zaiola esan du Zelaak. Aita Larramendiren aipamen bat jasoz amaitu du hitzaldia.