Martin Garitano Gipuzkoako Bilduren zerrendaburuak adierazi du bera "independentea" dela, "ez Batasunaren hautagaia", eta ziur azaldu da Bildu maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dela. Ostegunean Público egunkariak ikerketako iturriak aipatuz argitaratu zuen Poliziak aitortu duela Bilduren 258 hauteskunde zerrendak "garbi-garbiak" direla, eta Egin zeneko erredaktoreburu ohi bat —Martin Garitano bera— eta etakide baten iloba bat besterik ez dituztela aurkitu ustezko susmagarrien artean.
Asteazkenean jakin zen Bilduren zerrenden kontra egiteko baimena eman duela Espainiako Gobernuak eta, Público-ren arabera, horretarako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak argudiatuko dutena izango da ETAren eta Batasunaren estrategia izan dela Bildu sortzea. Martin Garitanok dio horrek "inolako balio juridikorik" ez daukala, "susmoetan oinarritzen baita". "Gure milaka hautagaiek ez dute loturarik legez kanpoko erakunde politikoekin, eta gure parte-hartzea zilegi da".
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak azaldu du Bilduk aurkezterik ez izanda ere "bake prozesuak aurrera" jarraituko lukeela.
Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak dio Bildu ez dela Batasunaren jarraipena, eta koalizioko independenteek ez dutela "iragan politikorik".
EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute koalizioa.