Bake prozesua bultzatzea izango du helburu Erresuma Batuko kabinete buru ohi Jonathan Powell eta Ipar Irlandako lehen ministrorde Martin McGuinnessen bisitak. BERRIAk jakin duenez, aste honetan helduko dira Euskal Herrira, asteazkenean.
Euskal Herriko alderdi politikoekin egingo dituzte bilerak. Horietako batzuk lotuak dituzte, eta besteekin harremanetan daude, data zehazteko. Bilera horien xedea litzateke prozesuak egun duen blokeoa gainditzeko irtenbideak aurkitzea.
Jadanik lotu dituzte bilerak sozialistekin, EAJrekin eta Sorturekin, baina instituzioetako ordezkariekin ere hitz egingo dute nazioarteko bitartekariek.
Ez da lehen aldia Powell Euskal Herrira datorrena. Otsailean ere hemen izan zen: alderdi eta instituzioetako ordezkariekin bildu zen. Orduan, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Iñigo Urkullurekin, EAJrekin, PSE-EErekin eta Sorturekin egin zituen bilerak, Bilbon. Leku ezberdinetan batu zen eragile bakoitzeko ordezkariekin, eta guztiek esan zioten "urratsa" izan dela ETAk egiaztatzaileen bidez egindakoa, bakoitzak bere ñabardurak agertu arren.