Andoaingo Martin Ugalde parkean egin dute bekaren aurkezpena, gaur eguerdian. Duela hamar urte hil zen Martin Ugalde, eta haren lana gogora ekarri nahi dute sustatzaileek bekaren bitartez. "Gainera, parkea ez genuen sortu 2002an bakarrik euskalgintzarako azpiegitura soilak izateko, baizik eta gure apustua bazen euskararen eta euskalgintzaren sustapena egitea bertatik. Ikerketa eta gogoeta gune ere izan nahi du parkeak", azaldu du Joan Mari Larrarte Martin Ugalde parkeko ordezkariak.
Bekarako proiektuak aurkezteko epea uztailaren 31n amaituko da. Idatzizko zein ikus-entzunezko euskarrian aurkez daitezke proiektuak. Bekaren oinarriak Martin Ugalde parkearen webgunean irakur daitezke. Azaroaren 11n jakinaraziko da irabazlea, eta egun horretan parkean bertan ekitaldi bat egingo dute. Azaroaren 11 da hain zuzen ere Martin Ugalde zena jaio zen eguna.
Ana Karrere Andoaingo alkateak, bestalde, adierazi du berehala eman ziola udalak baiezkoa bekan laguntzeko proposamenari. "Euskararen normalizazioaren bidean, ereduak sortu behar dira. Horrenbestez, ezinbestekoa da halako ikerketa beketan erakunde publikoek parte hartzea". Antolatzaileak bekan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Epaimahaia datozen hilabeteetan jakinaraziko dute. Erakunde sustatzaile bakoitzak kide bat izango du epaimahai horretan.