Politika

Martin Ugalderen idazlan politikoak liburu batean bildu dituzte

Martin Ugalde (Andoain, 1921) kulturarekin ez ezik, politikarekin engaiatuta egon da gazte-gaztetatik. Hain zuzen ere, Ugalderen idazlan politikoak —funtsean, haren ibilbide politikoaren isla— liburu batean batu dituzte Joan Mari Torrealdai idazlea prestatzaile dela. 'Martin Ugalde, idazlan politikoak' argitalpena da lan horren emaitza. Gaur arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko dute liburua Donostian, EAko presidente Begoña Erraztik eta Joan Mari Torrealdaik.

2003ko azaroaren 14a
17:44
Entzun
Abertzaletasunarekin lotura izan du umetatik Ugaldek: aita EAJko zinegotzia zuen. Espainiako Gerra zela-eta, erbestera alde egin behar izan zuen oso gaztetan, eta bidean gorabehera handiak bizi izan ostean, urte askoan aterbe izango zuen Venezuelara heldu zen 1947an. Han biziagatik, ez zuen galdu eta Euskal Herriarekiko eta jeltzaleekiko lotura, baina, era berean, Venezuelako errealitatearekin harreman estua izan zuen.

1969an itzuli zen Euskal Herrira, Hondarribira (Gipuzkoa), eta sorterriko arazoei heldu zien berehala, eta baita EAJri ere. Trantsitzioa hurbiletik segitu zuen, Jaurlaritzako lehen urteetan Kultura Sailean kargu politikoak izan zituen, eta, halaber, hurbiletik bizi izan zuen EAJren barruko banaketa eta EAren sorrera. Hain zuzen ere, banaketa hori gertatu zenean EAJ utzi eta EAko kide egin zen.

Gerora, Egunkaria Sortzen proiektuarekin bat egin zuen hasiera-hasieratik, eta 'Egunkaria' sortu zenean Administrazio Kontseiluko lehendakari izendatu zuten. Urte batzuren buruan, kargu hori utzi eta Ohorezko lehendakariarena hartu zuen. Hala izan da iragan otsailaren 20an itzi zuten arte. Hain zuzen ere, 'Egunkaria'-ren aurkako operazioaren ondorioz, kontuak blokatuta dauzka Ugaldek.

Ibilbide luze horretan, testu politiko ugari idatzi ditu Ugaldek, eta, azken batean, garaien zein bere pentsakeraren bilakaeran isla dira. Horiek guztiak 'Egunkaria'-ko proiektuan bidailagun izan duen Joan Mari Torrealdaik bildu eta antolatu ditu gaur aurkeztuko duten libururako. Ugalderen testuen bilduma ez ezik, Torrealdaik 1998an argitaratutako 'Martin ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena' liburuko pasarte batzuk ere jasotzen ditu oraingo argitalpenak; hain zuzen ere, Ugalderen pentsaera politikoa ispilatzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.