Martin Villa: «Ezinezkoa da trantsizioan genozidiorik gertatu izana»

Ministro ohi frankistak errugabea dela defendatu zuen atzo, Maria Servini epailearen aurrean.

Rodolfo Martin Villa, atzo, deklaratu ostean, Argentinako enbaxadatik irteten. JUANJO MARTIN/ EFE
edurne begiristain
2020ko irailaren 4a
11:13
Entzun

Rodolfo Martin Villa diktadurako ministro ohiari deklarazioa hartu zion atzo Maria Servini epaileak, saio telematiko baten bidez, Argentinako enbaxadaren egoitzan. Argentinan frankismoko krimenak ikertzeko abian duen auziaren barruan hartu zion deklarazioa. Martin Villak bere errugabetasuna defendatu zuen, eta trantsizioaren rola goraipatu. Ministro ohiak esan zuen trantsizioa «frankismoaren amaieraren eta demokraziaren arteko zubia» izan zela, eta ukatu egin zuen «genozidiorik» egon zenik. Joan den abuztuaren 25ean, epaileari bidalitako gutun batean, Martin Villak ukatu egin zuen trantsizioan «genozidiorik» egon zela, eta atzo ideia bera berretsi zuen epailearen aurrean; trantsizioa «etaparik onenetako bat» izan zela esan zuen eta «ezinezkoa» dela genozidiorik egotea. Akusazio hori egitea «ikaragarria« dela salatu zuen.

Hiru ordu inguru iraun zuen Martin Villaren deklarazioak, eta, albiste agentziek zabaldu dutenez, ministro ohiak esan zuen Argentinako kereila «oinarririk gabekoa» dela. Kereilan jasota dauden akusazioak ukatu zituen, eta nabarmendu 1977an hauteskundeak egin baino lehen preso politiko guztiak kartzelatik atera zirela eta erbesteratuak itzuli egin zirela, eta hori berak eta beste askok trantsizioaren eta 1978ko Konstituzioaren alde egindako «lanari esker» gertatu zela. «Kereilaren bertsioa egia balitz, Adolfo Suarezi ere genozidioa edo gizateriaren aurkako krimenak leporatuko zizkioten, eta ez naiz ausartzen horri buruz iritzi bat ematera». Gaineratu zuen trantsizioan ez zela egon herritarrak beldurrarazteko eta hiltzeko «plan sistematikorik, orokorrik edota planifikaturik».

1976ko Gasteizko sarraskian izandako erantzukizunaz galdekatu zion Servini epaileak, eta Martin Villak aitortu zuen «akats larriak» egin zirela eta polizia batzuek «herritarren eskubideen aurkako jarrera» izan zutela, baina  hori ezin dela gizateriaren aurkako krimentzat jo. «Biktimen mina ulertzen dugu, eta erreparazioa behar dute, baina beste kontu bat da Espainiako trantsizioan genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egon zirela onartzea». Martin Villak aitortu zuen, hala ere, bera ministro zenean poliziek eta guardia zibilek «heriotzaren bat» eragin zutela bere aginduak betetzean, baina berak ez zuela hilketarik agindu: «Nire aginduak eta gobernuarenak egiaztatuz gero, poliziaren ekintzetan inor hiltzea ekiditea helburu genuela ikus daiteke».

1977ko Amnistiaren Aldeko Astean Poliziak hildako bost pertsonen auzian, honako hau adierazi zion ministro ohiak epaileari: «Heriotza horiek ez ziren nahita pentsatutako plan baten ondorio izan». German Rodriguezen hilketari buruz ere galdetu zion epaileak, baina argibiderik ez zuen eman Martin Villak.

Hamar egun

Orain, Maria Servini epaileak hamar eguneko epea du Martin Villa auzipetu ala haren aurkako prozesua ixten duen erabakitzeko. Gasteizko 1976ko sarraskiagatik, 1978ko Sanferminetako gertakariengatik eta Espainiako indar armatuek 1976 eta 1977 urteen artean hildako beste sei lagunengatik giza hilketaren delitua leporatzen dio Argentinako Justiziak  Martin Villari, gizateriaren aurkako krimenaren delitu orokorraren barruan.

Eduardo Fachal frankismoko biktimen abokatuak atzo azaldu zuen epaileak auzia artxibatzea erabakiko balu helegitea aurkeztuko luketela: «Prozesu judizial honetan amaieraraino joango gara». Auzipetzeko froga nahikorik ez duela ebatziko balu, Martin Villak inputatuta jarraituko luke eta, kasu horretan, froga gehiago aurkeztuko lituzke biktimen defentsak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.