Gaixo dauden euskal presoak bisitatzeko asmoa dute Basque Friendship Groupeko kideek, eta haietako aurrena gertatu da gaur. Lannemezango espetxean (Frantzia) izan da gaur Martina Anderson Sinn Feineko diputatua, han dagoen Ibon Fernandez Iradi bisitatzen. Haren zigorra eteteko eskatu du bisitatik atera denean, eta Fernandez Iradirena ez ezik, gaixo dauden gainerako presoen egoera ere konpontzeko eskatu du.
Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Gorka Fraile eta Ibon Fernandez Iradi ikusteko baimenak eskatu zituzten Basque Friendship Groupeko kideek, eta aurrena da Fernandez Iradirena. Joan zen astean ekimena aurkeztu zutenean, jakinarazi zuten espero zutela Espainiako Gobernuak Frantziakoaren bideari jarraitu eta baimenak ematea espero dutela.
Etxerat-ek txalotu egin du Friendshipeko kideen ekimena, eta "giza eskubideen aldeko lanean aritzeko" elkartearen laguntza osoa izango dutela jakinarazi diete europarlamentarioei.