Martinen egoerak «haserrea» sortzen die hautetsiei

«Okaztaturik eta haserre» agertu dira hainbat hautetsi, eta gogor salatu dute Martinen euroagindua

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Gu guztiok egiten dugun gauza bera egiten du Aurore Martinek: ekimen politiko publikoak». Horra zer adierazi zuen atzo Peio Etxeberri Aintxart Donibane Lohizuneko hautetsiak (AB), beste 50 bat hautetsi zituela bere gibelean. Aurore Martin zuberotarraren Espainiaratze arriskua ikusirik, «okaztaturik eta haserre» agertu dira Ipar Euskal Herriko hautetsiak, atzo Baio-nan egin prentsaurrekoan. Martinen inguruan antolatzen ari den elkartasun handiaren isla izan zen, guztira 135 hautetsik dutelako «ezin onartuzko» euroagindua bertan behera uztea exijitzen.

Herriko etxetik hasita Europako Parlamentura arte doa sostengua, tartean hiru eurodiputatu, bi Frantziako diputatu, sei Akitaniako kontseilari, hiru kontseilari nagusi eta 24 auzapez direla. Hainbat alderditakoak, abertzale izan ala ez, guztiak elkarturik Martinen gibelean.

Filipe Aramendi Urruñako hautetsi eta abokatuakdio «publikoki adierazteko eskubidearen urraketa» gertatzen ari dela eta Martinen Espainiaratzea «erabat ilegala» litzatekeela. Guztiak «haserre» dira, euroagindua onartzeak erran nahi duelako «torturatzen duen» Espainiako Poliziaren eskuetan uzten dela Martin eta «neurri gabeko kartzela zigorrak» ematen dituen Espainiako Justiziak duela ezker abertzaleko militantea epaituko.

Bestalde, badakite Frantziako Justiziak joan den asteartean zuberotarraren Espainiaratzea onartu izana «erabaki politikoa» dela eta Ipar Euskal Herrian ere Batasuna ilegalizatzeko «lehen urratsa» dela. Argi dute ezker abertzaleak xede duen bake prozesuaren testuinguruan gertatzea «ez dela kasualitate hutsa». «Probokaziotzat» jo dute prozedura.

«Giza eskubideen herria omen den Frantzia nora doa?», dio haserre Battitta Amestoi Uztaritzeko hautetsiak. Oroitarazi du astelehenean hitzordua eskatzeko hamar bat hautetsi joan zirela Baionako suprefeturara eta hamabost bat CRS kamioik eta CRSk osatu murrua ukan zutela erantzun bakar gisa. Demokrazia «zalantzan emana» dela dio Etxeberri Aintxartek.

Manifestazioa larunbatean

«Haserrea Parisera arte entzunarazteko» larunbatean Baionan eginen den manifestaziorako deia egin dute hautetsiek. Dena den mobilizaturik segituko dute, «ezin delako hori pasatzera utzi».

Asteartean onartu zuen Paueko Auzitegiak Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu euroagindua. Martinek helegitea aurkezturik, Kasazio Auzitegiak ikertuko du berriz kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.