Aurore Martin Batasuneko kidearen kontrako euroagindua salatzeko, manifestaziora deitu dute etziko Baionan. Alderdi, sindikatu eta eragile frankok bat egin dute manifestaziora deitzeko, hala nola Batasunak, ABk, Europe Ecologie-Berdeek, LABek, ELBk, Sud-Solidairesek, Giza Eskubideen Ligak, Euskal Herria Zuzenean-ek, Anai Arteak eta bertze hainbat taldek. Manifestazioa 16:00etan abiatuko da, Euskaldunen plazatik. Antolatzaileen arabera, funtsezkoa da manifestazioa jendetsua izatea, «kanporaketa politikoen atea» itxi dezakeen gako nagusia delako.
Gero eta hautetsi gehiagok bat egin dute Martinen kontrako euroagindua salatzeko ekimenean; bertzeak bertze, Catherine Greziek, Jose Bove eta Francois Alfonsi eurodiputatuek, Jean Lassalle Frantziako diputatuak, Alice Leizeagerre Akitaniako kontseilariak eta Alain Iriart eta Kotte Ezenarro Kontseilari Nagusiak. Auzapez eta izenpetzaile ugari ere badaude sostengu zerrendan.
Martini Batasunaren izenean aritzea leporatzen dio Frantziak, hala nola Donostian, Uztaritzen (Lapurdi) eta Baionan alderdi politiko horren agerraldietan parte hartzea eta prentsa artikuluak idaztea. Frantziaren agindupean dauden lurraldeetan egindako ekimen batengatik auzipetunahi du Espainiak. «Martinen kontrako euroagindua onartzen badu Frantziak, Batasuna legez kanpo uztea onartzen du», erran du Xabi Larralde Batasuneko mahaikideak.
Martinen sostenguz manifestaziora deitu dute larunbaterako
Euroagindua onartuko balitz Batasuna legez kanpo uztea esan nahiko lukeela diote antolatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu