Herritar baten eta udaltzain batzuen arteko liskarrean esku hartu zuen Pasaiako alkate ohiak 2013. urtean. Lau urte geroago, udaltzain berberek salatuta, bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiak. Urte hartan Agirregabiriaren idazkari zen Iker Rokandiori ere zigor bera ezarri zioten, eta hark Zaballako espetxean sartu beharko du laster.
[youtube]https://youtu.be/MWLYe_J2Mc0[/youtube]
Alkate ohiak sare sozialen bidez jakinarazi zuen atzo espetxean sartzekoa zela, eta eskertu egin ditu orain arte jaso dituen "babes eta maitasun" keinu guztiak. "Indartsu gaude, indartsu goaz, eta indartsu itzuliko gara", adierazi du.
Pasaiako bizilagun askorentzat erabakia ulertezina da, eta, Agirregabiriari eta Rokandiori babesa adierazteko, hainbat babes ekintza egin dituzte. Igandean, Pasaian agurtu zuten Agirregabiria. Han elkartutako herritarrek Agirregabiriari eta Rokandori ezarritako zigorra "bidegabea" dela salatu dute, eta hirugarren gradua eskatu dute bientzat.
Agirregabiria EH Bilduko ordezkari gisa izan zen Pasaiako alkate, eta koalizioak babesa adierazi die hari eta Rokandiori. "Sinetsita gaude bere jardun publikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela, eta irizpide izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan", adierazi du EH Bilduk ohar bidez.