Asteburuan Errenterian (Gipuzkoa) 10 urteko iloba ustez hil zuen andrazkoa epailearen aurrera eraman zuten atzo. Larunbat arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak emakumea, bere etxean, ustez neskatoari eraso ostean. Igande goizean zendu zen haurra, Donostiako Ospitalean. Atzo iluntzean, berriz, emakumea Martuteneko espetxera bidaltzea erabaki zuen epaileak. haren deklarazioa entzun ostean.
Atxilotuaren etxean gertatu zen erasoa, Errenteriako Beraun auzoan. Amonak berak deitu zien ertzainei larunbatean, 18:30 aldera, iloba hil zuela jakinarazteko: ito egin zuela aitortu zuen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldutakoaren arabera. Neskatoa ez zegoen hilda, baina; udaltzainek suspertu egin zuten, eta osasun zerbitzuek oso larri eraman zuten erietxera. Itotzeak eragindako lesioak ezin zituen gainditu, ordea: gaua Donostiako Ospitaleko arta intentsiboetan igaro ostean, igandean zendu zen 10 urteko haurra.
Ertzaintzak andrazkoa atxilotu zuen larunbatean, eta polizia etxean izan zen atzo arte. Epailearengana eraman zuten 17:00etan. Andreak burua galduta hil zuela uste dute ikertzaileek, azken egunotan hedabideek zabaldutako informazioen arabera. Berez, Irunen (Gipuzkoa) bizi zen neskatoa, baina aitona-amonenean egun batzuk igarotzen ari zen.
Buruko gaitzez, zuhur
Kasu horri buruz galdetuta, zuhurtzia galdegin zuen atzo Iñaki Subijana Gipuzkoako Lurralde Epaitegiko presidenteak. Kazetariei egin zien eskaria, «tentuz» eman zezaten gertatuaren berri. Batetik, biktima adingabea delako: «Pribatutasuna mantendu behar da: ezin da identifikaziorako elementurik egon». Bestetik, buruko gaitzak dituztenen estigmatizazioa saihesteko; izan ere, amonak depresioa zuela zabaldu dute hedabide batzuek. «Ahal den neurrian, buruko gaixotasunen eta ekintza suntsitzaileen arteko lotura saihestu behar da, batzuetan erraz egiten delako».
Buru patologiak dituzten pertsonak justizia administrazioarekin duten harremana bideratzeko lanetan dihardu Subijanak. Alde horretatik, gaiari buruzko ikerketei erreparatu zien: «Datuek ez dute adierazten halako gaitzak dituztenek ekintza suntsitzaile gehiago egiten dutenik». Onartu zuen batzuetan halako delituen atzean eritasunen bat dagoela, baina orokortzearen aurka agertu zen: «Norbaitek buruko gaitzen bat duenean jokabide suntsitzaileak izateko arrisku handiagoa duela adieraztea saihestu behar dugu, ez baita hala».