Ingurumena

Martxa bat antolatu dute Zubietara industria jatorriko hondakinak errausteko asmoa salatzeko

Larunbatean egingo dute protesta, Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira. Zubietan Zaldibarko eredu bera ezarri nahi izatea egotzi diete agintariei.

Errausketaren Aurkako Mugimenduaren protesta bat, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
2021eko martxoaren 23a
17:27
Entzun

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eskatuta, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Zubietako erraustegiaren ingurumen baimen bateratua moldatu eta industria jatorriko hondakinak instalazio horretan errausteko. Hori salatzeko, Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) martxa bat antolatu du. Zubietako erraustegira eramango dute protesta datorren larunbatean; Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Okendo plazatik irtengo dira 11etan, eta Zubietako erraustegiraino joango dira manifestariak.

EAMk salatu du Zaldibarko kudeaketa eredua ezarri nahi dutela Zubietan ere: hau da, bidea ematea enpresa pribatuek «ahalik eta diru gehien» irabazteko. Eusko Jaurlaritzari egotzi dio enpresa horien jarduera behar bezala ez kontrolatzea, eta ohartarazi du horren ondorioak Zaldibarren ikusi direla. «Orain herritarrok sinetsi egin behar al dugu erraustegian ezberdina izango dela; are eta gehiago, eskrupulurik gabeko multinazional baten esku dagoenean?».

EAMk uste du Zubietako erraustegia nahiko hutsik dagoela, eta, Zaldibarko hondamendiaren ondorioz, hura betetzeko Gipuzkoako agintariek industria jatorriko hondakinak hara eramatea erabaki dutela konponbide gisa: «Eta horrekin nahiko zabor ez balute, hurrengo pausoa Gipuzkoatik kanpoko hondakinak ekartzea izango litzateke», salatu du.

Gogorarazi duenez, Gipuzkoan 2019an 138.000 tona errefus sortu ziren, eta TMB plantatik pasatu ostean 100.000 tona geratu ziren. Erraustegia, baina, 200.000 tona kudeatzeko eraiki zuten. Halaber, EAMk kezka agertu du sartuko diren hondakinen inguruko kontrolari eta horrek sor ditzakeen isurketei dagokienez. Izan ere, salatu du urtean ordu gutxi batzuetan bakarrik neurtuko dituztela dioxina eta furano isurketak. Herritarrei dei egin die egoera horren aurrean protesta egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.