Andoain, Zizurkil, Hernani, Añorga, Lasarte, Zubieta eta Usurbildik martxaren adar bana atera da gaur goizean, eguerdian Letabiden elkartzeko. Jendetza elkartu da errausketa plantaren kontra. Martxoaren 12an Andoainen manifestazioa egingo dutela iragarri dute eta maiatzaren 29rako beste ekitaldi bat prestatzen ari direla.
Erraustegia egin nahi dutenak eta plantaren aurka daudenak aurrez aurre daude berriz: Gipuzkoako Foru Aldundia eta errausketaren aurkako plataformak. Erraustegiaren kontrako borroka berriro gihartzen ari da Zubietan eta inguruetan. Plantak gizakien osasunean eragin ditzakeen kalteak larriak izan daitezkeela uste dute, eta proiektuaren aurkakoek argi dute: "Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi".
Izan ere, errausketaren kontrako mugimendua berriz esnatu da. Hala dio Juan Migel Galatas Errausketaren Aurkako Mugimendua taldeko kideak; jokorako prest daude. "Orain bi-hiru urte pentsatu genuen ia erabat zokoratu genuela Gipuzkoan errauste planta bat egiteko proiektua. Denok erlaxatu ginen orduan, eta orain, berriro martxan jarri dutenean, hutsetik hasi gara berriz, erraustegirik ez dugula nahi berresteko".