Patxi Ruiz euskal presoak hogeigarren eguna du baraualdian. Erizaindegiko moduluan jarraitzen du bakartuta, eta haren osasun egoeran ez da aldaketarik izan azken orduetan, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez.
AEMk berak mobilizaziora deitu du gaurko, eta manifestazioak egin dituzte arratsaldean hiriburuetan; Baionan, 17:00etan; Iruñean, 20:00etan; Gasteizen, 19:00etan; Donostian, 20:15etan; eta Bilbon, 19:00etan. Bilbon, ehunka lagun batu dira martxan, Patxi Borrokan, herria ere Bai. Amnistía osoa lelopean.
Horietan irakurritako agirian, AEMk nabarmendu du Ruizen «garaipen politikoa erabatekoa» dela: «Badakigu kartzelak herria zigortu nahi zuela Patxi Ruiz den militante eredugarriaren bitartez, eta lortu duten bakarra hilda nahi zuten herri hori piztea izan da. Patxik hartzen duen erabakia hartzen duela ere, ez zaio inoiz gure babesa faltako».
Goizean, berriz, elkarretaratzeak egin dituzte hainbat udalerritan; esaterako, Laudion, Legution (Araba), Atarrabian (Nafarroa), Basaurin eta Sodupen (Bizkaia).