Udalbiltza

Martxan da Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa

Euskal Herri osoaren garapen orekatua eta kohesioa sustatzeko baliabidea aurkeztu du Udalbiltzak: Garapen eta Kohesio Fondoa. Nazio mailan sinergiak sortu eta horiek gabezia handieneko eremuetara bideratzea du helburu, herriaren "egitura ekonomiko eta soziala indartzeko".

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko ekainaren 20a
18:32
Entzun

Bi programa zehatzekin abiatu da fondoa: Euskal Herria Sendotzen egitasmoak egituratze nazionalari begirako diagnostikoak, helburuak eta estrategia partekatuak landuko ditu, eta horiek gauzatu ahal izateko hitzarmen estrategikoak egiten saiatuko da. Bestetik, udal zerbitzuen nazio mailako sarea ere sortu du fondoak. Udalbiltzara atxikitutako udalak koordinatzeko sarea izango da.

Udalbiltzaren aurkako polizia operazioan Garzon epaileak Zuberoa Garatzen egitasmoarentzat bildua zuen dirua izango du abiapuntu. Polizia operazioan kendutako 315.000 euroak berreskuratu ditu Udalbiltzak, eta fondoa ibiltzen hasteko oinarritzat hartuko du. Horrez gain, fondoa diruz iraunkorki hornitzeko asmoa du Udalbiltzak.

Beste bitarteko bat ere ezagutarazi du Garapen eta Kohesio Fondoak: Euskal Herriari begira atari digitala. www.udalbiltza.info webgunean txertatua dago gaurtik aurrera. Gaindegiak egin du, eta Euskal Herriaren egoera aztertu, diagnostikoa iraunkorki osatu eta bilakaerak ikertzeko baliabidea izango da. Euskal Herriko egoera geografiko, politiko eta sozialaren berri ematen duten datu ugari biltzen ditu atariak, mapa, grafiko eta bestelakoez osatua.

Udalbiltzako zuzendaritzako zazpi kidek osatzen dute fondoaren zuzendaritza: Mertxe Aizpuruak, Maite Iturrek, Daniel Olzomendik, Roke Akizuk, Josu Ruizek, David Lopategik eta Igor Aldalurrek.

Bestetik, dozena bat gizarte eragilek eman diote babesa fondoa sustatzeko aditu sarea osatzeari. Besteak beste, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Euskal Herriko Laborantza Ganberak, Gaindegiak, LABen Ipar Hegoa Fundazioak, Fiare banka etikoak, Lankik, Zazpiak Bat harreman sareak, Hekimenek, Bai Euskal Herriarik eta Auzolan Plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.