Hezkuntza

Martxan jarri dute Iruñeko herri haur-eskola finantzatzeko kanpaina

Itsulapikoa.eus webgunean ireki dute kanpaina, eta proiektuari buruzko azalpenak daude bertan.

Iruñako haur-eskoletako gurasoak plataformak antolatuta, elkarretaratze bat udaletxeko plazan. IñIGO URIZ/FOKU
2020ko uztailaren 10a
12:28
Entzun

SOS Euskara Iruñean lelopean jarri dute martxan herri haur-eskola finantzatzeko kanpaina. HE Gurasoak plataformak ohar bat hedatu die euskaltzaleei, plataformaren helburuak lortu ahal izateko itsulapikoa.eus webgunean herri haur-eskolaren aldeko ekarpenak egitea eskatzeko.

Euskarazko haur eskolen aukerak murriztu izanaren ondorioz sortu da proiektua. HE Gurasoak gogorarazi du «iraungitze data duen» haur eskola bat dela. Gainontzeko haur eskola publikoen dinamikei jarraitzen ahaleginduko da, «sare publikoaren simulazio bat egitea» delako haien helburua.

Plataformak deialdia egin die erdarara jo duten edo itxaron zerrendetan gelditu diren familiei. Haiekin harremanetan jartzeko nahia erakutsi dute, eraiki duten proiektua bere osoan azaltzeko; baita Iruñeko euskararen eskaria ikusarazteko dagoen beharra ulertarazteko ere.

Iruñeko Udalaren murrizketek «euskararen eskaera baldintzatu eta jaitsi nahi dutela» adierazi dute, eta beldur dira haur eskolekin pasatzen ari dena hezkuntzaren beste sektoreetara transmitituko ote den.

Antsoainen lortu dute

Bi urte luzez egindako lanaren ostean, 2021-2022ko ikasturterako euskal adarra hautatzeko aukera izango da Antsoaingo udal haur-eskolan. Herriko guraso taldeak eskerrak eman dizkie, ohar baten bitartez, Antsoainen haur eskola euskalduna! lelopean antolatu dituzten ekintzetan parte hartu duten guztiei. Babesa erakutsi dieten eragileei eta «ahotsa eskaini dieten» hedabideei ere egindako lana eskertu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.