Kazetaritza

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariari eman diote Rikardo Arregi Ohorezko sarietako bat

Martxelo Otamendi 'Egunkaria' zeneko zuzendari eta egun BERRIAko zuzendari denak jaso du Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako Ohorezko aipamenetako bat, zehazki, euskarazko komunikabideak enpresa ikuspegi batekin sortzen eta bultzatzen erakutsitako gaitasunagatik. Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazle lapurtarrari eman diote Ohorezko beste saria; kazetaritza euskarri eta komunikabideak sortu eta bizirik mantendu izana nabarmendu du epaimahaiak Etxezaharretaren merezimenduetan. Nolanahi ere, Kazetaritza Sari nagusia Maite Artola Euskadi Irratiko 'Mezularia' saioko arduradunari eman diote. Kazetari gazteak bultzatzea xede duen Kazetari Berria saria, ostera, Ainoa Lendinezi 'Argia'-n egindako lanengatik. 'Elhuyar' aldizkariari aipamen berezia egin diote. Sariak Andoaingo (Gipuzkoa) Udalak banatzen dituen arren, Jose Antonio Gabarain alkatea (PSE) ez da ekitaldira agertu, "sarituetako bat gustuko" ez duelako.

2005eko uztailaren 2a
19:27
Entzun
Allande Boutin kazetariak, Mikel Iriziar kazetariak, Ana Urkiza kazetari eta idazleak eta Jose Inazio Basterretxea EHUko Kazetaritza Fakultateko irakasleak osatutako epaimahaiak artengo sari nagusia, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Maite Artola Euskadi Irratiko 'Mezularia' saioaren arduradunari ematea erabaki du. Artolak erakutsitako "gidaritza lan bikaina, aktualitatearen berri dotoreziaz emateko gaitasuna etaumorea" nabarmendu ditu epaimahaiak.

27 urtez azpiko kazetariei bultzada ematea helburu duen Kazetari Berria saria, ostera, Ainhoa Lendinezek jaso du, Argia astekarian plazaratutako erreportaiak direla medio. Lendinezek 24 urte ditu, Euskal Filologia ikasi zuen, eta EITBko euskara zuzentzaile taldekoa da. Dena den, 'Argia'-n argitaratu ditu kazetari lanak.

Gainera, aipamen berezi bat ere egin nahi izan du aurten Rikardo Arregi sarietako epaimahaiak: Elhuyar aldizkariak argitaratutako 'Erraustegiak sutan' txostena, eta haren egile EnekoImaz, Beñardo Kortabarria, Guillermo Roha, Aitziber Agirre eta Ana Galarraga. Eider Cartonek jaso du saria Elhuyarreko lantaldearen izenean.

Euskarazko kazetaritzaren alorrean lan handia egindako pertsonak ere urtero omentzen ditu Andoaingo (Gipuzkoa) Udalak antolatzen duen sariketa horrek, eta aurten, bi lagun saritu dituzte atal horretan: Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, eta Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazle lapurtarra. Batak zein besteak ibilbide luzea egin dute euskarazko kazetaritzan, eta,batik bat, euskarazko komunikabideen sorrera etasustapenean. Hain justu, lan horri egin nahi izan dio gorazarre epaimahaiak.

Urtero legez, Andoaingo Udaletxean izan da sari banaketa, eta une hunkigarriak bizi izan dira: hala nola, sari nagusia jaso duen Artolak saria gurasoei eskaini dienean, nahiz Otamendik 'Egunkaria'-ko taldean bidelagun izandako hainbat gogora ekarri dituenean.

'Egunkaria' gogoan

Izan ere, berak jaso duen saria "lantalde bati emandakoa" dela ulertzen duela agertu du Otamendik bere hitzaldian, eta lehenik eta behin, Espainiako Auzitegi Nazionalak itxitako 'Egunkaria'-ren sorreran aritutakoak izan ditu gogoan: Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe eta Joseba Jaka zenduak, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Egunkaria Sortzenen ibili zen talde osoan. Nabarmendu du euskarazko komunikabide bat sustatzeagatik jaso duela sari hori, eta "beste batzuek" gauza beragatik sartu zituztela espetxean.

Ildo horretatik, 'Egunkaria' sortu zenean lan baldintza kaskarrenetan hasi zen kazetari taldea ekarri du gogora, eta, orobat, kazeta hura itxi zutenean elkartasuna adierazi zuen jende guztia eta BERRIAren sorreran parte hartu zuena. Era berean, aipamen berezia egin die eskualdeetako 'Hitza' egunkariak aurrera eramateko lantaldean dabiltzanei.

Alkaterik ez

Epaimahaiaz, sarituez eta haien senide eta lagunez gain, zenbait agintari izan dira ekitaldian. Besteak beste, Lorea Bilbao Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendaria eta Andoaingo Udaleko EAJko zinegotziak. Jose Antonio Gabarain alkateak (PSE), ordea, huts egin du ekitaldira, aurreneko aldiz. Gainera, Sariak Udalak antolatzen dituen arren ez du beste zinegotzi baten esku laga izan nahi alkatearen ordezkari izatea. 'Berria.info'-k jakin ahal izan duenez, "sarituetako bat gogoko ez zuelako" erabaki du Gabarainek ekitaldira ez joatea.

Sari handia

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak euskarazko kazetaritzaren alorrean banatzen direnen artean sona handienekoak dira, prestijioaz gain, dirutan ere handiak direlako. Sari nagusiaren jabeak diplma eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurraz gain 9.000 euro jasotzen ditu, eta 3.000 Kazetari Berriaren atalean sarituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.