Bihar, otsailak 20, beteko da urtebete Espainiako Guardia Zibilak 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zuela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Atzo bertan, Martin Ugalde Kultur Parkearen diru kontuak desblokeatzeko agindua eman zuen Del Olmok, eta hori dela eta Kultur Parkea kudeatzeaz arduratzen den Buruntzape SL enpresak normal jardun ahal izango du aurrerantzean. "Berri ona da zalantzarik gabe horrelako zama gainetik kentzea", esan du Martxelo Otamendik.
'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraren zergatiaz galdetu diote Otamendiri, eta auzi horretan "itxieraren arrazoia eta aitzakia bereizi" behar direla erantzun du. "Itxieraren arrazoia Espainiak euskaldunoi egiten digun abisua da, euskal herritarrok gure bidea egiten jarraitzen badugu Espainia zertaraino iristeko prest dagoen azaltzeko; hori arrazoia da eta aitzakia berriz, egunkaria ETAk sortu zuela eta diruz hornitu zuela proiektua da", azaldu du Otamendik.
Del Olmo epaileak ETAren laguntzaile izatea leporatzen die 'Egunkaria'-ren aurkako bi operazioetan atxilotu zituzten 19 lagunei. "Hori egozteko aitzakietako bat Euskal Herria zazpi herrialdek osatzen dutela esatea da. Bestalde, Guardia Zibilaren txosten batek dio ni ETAko kidea naizela ETAri berari erakunde armatu deitzen diogulako eta ez erakunde terrorista. Europako hainbat egunkarik ere ez diote erakunde terrorista deitzen ETAri eta ez da ezer gertatzen", azpimarratu du. Halaber, Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkaria "berehala aske uzteko" exijitu du Martxelo Otamendik.
'Berria' egunkariko zuzendariak azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak 'Euskaldunon Egunkaria'-ren aurka jo zutenean bazekiten zertan ari ziren. "Haiek bazekiten 'Egunkaria' euskal kulturaren bitxi preziatua zela, bazekitelako sentsibilitate asko proiektu baten bueltan uztartu genituela, eta horregatik jo zuten hain gogor; atxilotu asko, 150tik gora langile kalean, lege antiterrorista", nabarmendu du.
"Lehen baino egunkari hobea"
'Berria' egunkaria 2003ko ekainaren 21ean iritsi Euskal Herriko kiosko guztietara, eta Otamendiren arabera, "lehen baino egunkaria hobea" egiten ari dira. "Jende askok galdetzen dit Donostiako kaleetako espiritua sumatzen den lan egiterakoan, baina hori ezinezkoa da, jendeak bere bizia ere egin behar du, bere zereginak. Egun, 21.000 ale inguru saltzen ari gara egunero 28.000 akziodunen babesarekin. Lehen, 15.200 ale inguru saltzen genituen. Egunkari hobea egiten ari gara", nabarmendu du.
Tartea izeneko gehigarria gainontzeko egunkariek egiten ez duten produktu bat dela azpimarratu du Otamendik. Mantangorri haurrentzako gehigarria eta Egitura ekonomiako gehigarria ere abian direla gogoratu du, eta proiektu berriak ere bidean direla, gazteei begirako gehigarria, esaterako. Euskal Herriko zenbait eskualdetan sortu diren euskarazko egunkariei buruz ere galdetu diote Otamendiri, eta 'Tolosaldeko Hitza' Tolosaldean gehien irakurtzen den egunkaria dela azpimarratu du. Horrez gain, Oarsoaldean, Lea-Artibai eta Mutrikun ere sortu direla esan du, eta bihar bertan Urola-Kostan egunkari berri batek argia ikusiko duela azpimarratu du. "Gure aurtengo egitasmoa eskualdeko beste bi egunkaria sortzea da", gogoratu du.
Lau sumario zabalik
Martxelo Otamendik gogoratu duenez, lau sumario ditu zabalik Espainiako justiziarekin. Lehena, ETArekin elkarrizketa egiteagatik; bigarrena, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera dela eta; hirugarrena, Guardia Zibilaren aurka jarritakoa tortura kasuak salatzeko; laugarrena, Espainiako Gobernuak haren aurka jarritakoa tortura salatzeagatik. "Azken hau Guillermo Ruiz Polanco epaileak geldirik dauka, aurretik Guardia Zibilaren aurka jarritako salaketaren ebazpen jakin arte", esan du. Hala ere, bera torturatu egin zutela berretsi du eta hori salatzen jarraituko duela. "Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta ni neu torturatu bagintuzten, ez dut pentsatu ere egin nahi zer egingo duten 20 urteko gazte batekin", nabarmendu du Otamendik.
Biharko ekitaldiak
Bihar eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egingo dute 'Euskaldunon Egunkaria'-ko langile ohiek deituta Donostiako Bulebarrean Iñaki Uriaren askatasuna eskatzeko. Bestalde, ekitaldi bat egingo da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, arratsaldeko 18:00etan. Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendaria, Gunther Grautz Midaseko kidea, Joan Mari Torrealdai 'Euskaldunon Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko lehendakaria eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia izango dira hizlariak.
Urtebete 'Egunkaria' gabe
Martxelo Otamendi: "Egunkaria-ren kasuan itxieraren arrazoia eta aitzakia bereiztu behar dira"
a aitzakia bereizi" behar dira. "Itxieraren arrazoia Espainiak euskaldunoi egiten digun abisua da, Espainia zertaraino iristeko prest dagoen azaltzeko eta aitzakia berriz, egunkaria ETAk sortu zuela eta diruz hornitu zuela proiektua da", adierazi du Otamendik ETB-2ko 'El Punto' saioan eskaini duen elkarrizketan. 'Berria'-ko zuzendariaren esanetan, "orain egunkela proiektua da", adierazi du Otamendik ETB-2ko 'El Punto' saioan eskaini duen elkarrizketan. 'Berria'-ko zuzendariaren esanetan, "orain egunk85{ari dira, eta 'Egunkaria' auziagatik preso segitzen duen Iñaki Uria kontseilari ordezkaria aske uzteko exijitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu