Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria euskarazko hedabidearen egoera eta BERRIAlaguna komunitatearen egitasmoa azaltzen ari dira egun hauetan hitzaldi batzuetan.
Gaur Otamendi Durangon izango da (20:00, Plateruena kafe antzokia) eta bihar Markina-Xemeinen (20:00, Uhagon). Atzo Larrartek Altsasun eman zuen hitzaldia, Iortia Kulturgunean.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea, Zure ziztada behar dugu kanpainaren bidez.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren fasean da azken asteetan, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua. 2.900 pasa lortuta ditu.
Aste honetako hitzorduak
Gaur
- Durango. 20:00etan Martxelo Otamendiren hitzaldia Plateruena kafe antzokian.
Bihar
- Getaria (Gipuzkoa). 19:00etan Udaletxeko batzar aretoan.
- Portugalete. 19:00etan Santa Klara Kultur Gunean.
- Etxalar. 19:30ean Erretorenean.
- Markina-Xemein. 20:00etan Uhagonen.