Martxoak 3 elkarteko kideek “neurri zehatzak” eskatu dizkiote Cecilia Wilkstromi, Giza Eskubideen eskaeren batzordeko presidenteari, gaur goizean. Bruselan daude elkarteko kideak 1976ko Gasteizko gertaeren berri emateko.
Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramailea baikor agertu da gaurko bilerei begira: “2006an hemen egon ginen, baina, oraingoan, neurri zehatzak eskatu dizkiogu Europako Batasunari”. Parlamentuan salatuko dute Espainiako Estatuak, besteak beste, eskubide zibil eta politikoen ituna hautsi duela. Horretaz gain, Europako funtsezko eskubideen gutuna ez duela errespetatu jakinaraziko diote presidenteari.
Baina, salaketaz gain, hiru eskaera nagusi egingo dizkiote Wilkstromi: Espainiako Gobernuak Europako legeditik hautsi dituen legeak azter ditzala, “egia, justizia, konponketa eta berriz ez gertatzearen bermea” exijitu diezaiola Espainiako Gobernuari, eta memoria historikoaren azterketan existitzen diren ezberdintasunak azter ditzala, Espainiako Gobernua, Nazio Batuak eta Europako Kontseilua aintzat hartuz.