politika

Martxoak 3 elkarteak deitoratu egin du Fraga hil izana Gasteizko sarraskian haren erantzukizuna argitzeko epaiketarik egin gabe

Frankismoan ministro izandakoa eta PPko ohorezko presidentea 89 urterekin hil da. 1976an Gasteizko sarraskiaren eta Jurramendiko hilketen garaian Gobernazio ministro zen.

2012ko urtarrilaren 16a
18:13
Entzun

Manuel Fraga Iribarne frankismoan Espainiako ministro izandakoa eta PPko ohorezko presidentea hil zen atzo gauean Madrilen, gaixotasun baten ondorioz, 89 urte zituela. 60 urte egin zituen politika munduan, eta XX. mendean Espainiako eskuinaren politikari garrantzitsuenetakoa izan zen.

Martxoak 3 elkarteak esan du albiste txarra dela Fragaren heriotza, frankrismoko krimenengatik epaitu gabe hil delako. "Euskal gizartearen gehiengoak epaitu du betiko Fraga eta zigortu egin du; Espainiaren inpunitate sistemaren eredu da horientzat".

Gogoratu du Fragak ez zuela sekula barkamena eskatu eta ez zela inoiz damutu; justifikatu egin zuela gogoratu du. Dei egin dio martxoaren 3an hil zituztenen senideen elkarteak Mariano Raxoiri "Estatu terrorismoaren biktimez, inpunitateaz eta eragindako mina aitortzearen garrantziaz" hausartzera.

Bost hildako eta 150 zauritu tiroz

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen Asisko San Frantzisko elizaren barnean bost langile hil zituenean, Fraga zen Gobernazio ministro. Beste 150 lagun tiroz zauritu zituzten. Fraga ez dute sekula auzipetu hilketa haiengatik, nahiz eta egia eta justiziaren aldarrikapena oraindik baden.

Romualdo Barroso Chaparro (19 urte), Jose Castillo (32), Bienvenido Pereda (30), Pedro Maria Martinez (27), eta Francisco Aznar Clemente (17) izan ziren Poliziak hildakoak. Fragaren heriotza dela eta kaleratutako oharrean Martxoak 3 elkarteak hildakoak gogoratu eta euren omenaldia eskaini die.

1976ko maiatzaren 9an Jurramendiko (Nafarroa) hilketak izan zirenean ere bera zen ministro, eta askok salatzen dute Poliziak armekin Jurramendira iristen eta handik ihes egiten utzi ziela hiltzaileei.

Frankismoko ministro

Politikan frankismoan hasi zen hainbat karguz arduratzen: Turismo eta Informazio ministroa izan zen (1962-1969), enbaxadorea Londresen, edota presidenteordea eta gobernazioaren ministroa. 1976an Erreforma Demokratikoa sortu zuen, geroago AP Alianza Popular izango zena.

Espainiako 1978ko Konstituzioa idatzi zuenetako bat izan zen. 1982an oposizioaren burua bilakatu zen, APtik, eta 1989an Jose Maria Aznarrrek hartu lion lekukoa alderdian (PP sortu berrian).

1990ean Galiziako Xuntako presidente izendatu zuten. 2005eraino egon zen. 83 urte zituen arren (1922an sortu zen, Galizian), politika segitu zuen, senatari karguan; hor egon da aurreko legealdi bukaerara arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.