Martxoak 3 elkarteak 1976ko gertaerak salatuko ditu Bruselan, hurrengo asteazkenean. Bertan, europarlamentari ezberdinekin biltzeaz gain, Giza Eskubideen eskaeren batzordeko presidentearekin bilduko da elkartea.
Bigarren aldia da elkarteak Europara joatea erabakitzen duela, baina oraingoan, 2006an ez bezala, “Europako Batasunak neurri zehatzak hartzeko esperantza” dutela azaldu du Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak. Euskal Herriko alderdi ezberdinen babesa lortu dute bisita honetarako, besteak beste, Josu Juaristi (EHBildu) eta Izaskun Bilbao (EAJ) europarlamentariena.
Hala ere, bisitak Gasteizen jarraikortasuna izatea espero du Txaskok: “Salaketa jartzeaz gain, babes ezberdinak bildu nahi ditugu, Gasteiz memoria historikoaren Europako hiriburua izateko 2016an, sarraskiaren 40.urteurrenean”.