Martxoak 3 elkartearen arabera, "zigorgabetasunaren kontrako borrokan giltzarria den une batean" heldu da Javier Maroto Gasteizko alkatearen erabakia. Elkarteak oroitarazi duenez, iragan astean bertan eskatu zion Maria Servini Argentinako epaileari Frankismoaren krimenak ikertzeko auzian hainbat lagun inputa ditzala: "Suarezen inputazioa ez eskatzeko arrazoi bakarra haren heriotza izan da".
Uste dute Suarezek ez duela omenaldirik merezi Gasteizen, "kontrakoa" baizik: "Udalak lidergoa izan beharko luke Arabako hiriburuaren gertuko historian izan den krimenik handienaren zigorgabetasunaren kontrako borrokan". Elkarteak zehaztu du ez dagokiola autobus geltokiaren izena erabakitzea, baina Marotoren "hipokrisia" salatu dute: "Iruzurra da martxoaren 3ko biktimen omenaldien alde egitea eta, ondoren, biktima horiek eragin zituen diktadura kriminalaren arduradunak goratzea".
Martxoaren 23an hil zen Suarez, eta iragan larunbatean jakinarazi zuen Javier Maroto Gasteizko alkateak hiriko autobus geltokiari Adolfo Suarezen izena jartzeko asmoa, eta zalaparta eragin zuen sare sozialetan. Izan ere, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenean Mugimenduko idazkari nagusi ministro zen Suarez. Are, Manuel Fraga iribarne Gobernazio ministroa —Poliziaren ardura zuena— Alemanian zen sarraskia gertatu zen egunetan, eta Suarezek ordezkatu zuen karguan egun horietan.