Nafarroako Sakana eskualdean martxoan hasiko dira hondakinak atez ate biltzen. Eskualde horretako herriak biltzen dituen mankomunitateak oniritzia eman dio hondakinak gaika biltzen hasteko bideragarritasun planari, eta, orain, plana martxan jartzeko lanetan hasiko dira. Lehenik eta behin, sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute, atez atekoaren inguruan informazioa emateko. Horretarako, hiru informazio bulego jarriko dituzte Altsasun, Irurtzunen eta Etxarri- Aranatzen. Eskualdeko beste herrietan aritu dira xehetasunak ematen.
Mankomunitateak milioi bat euroko inbertsioa egingo du sistema martxan jartzeko, eta 387.269 euroko mailegua eskatuko du. Egun, %24ko birziklatze tasa du sakanak, eta atez ateko bilketa eginez %80ra iristea espero dute. Gainera, bost-sei lanpostu berri sortzea espero dute. Bilketarako bi edo hiru langile kontratatuko dituzte, eta informazio kanpainarako ere langileak hartuko dituzte.
Bilketa sistema eskualde osora zabalduko da, baina herririk txikienetan —Arakilen, Ergoienan, Arruazun, Irañetan eta Lizarragabengoan—bakarkako edo taldekako konpostatzea egingo dute. Gainera, herri horietan, papera, ontziak eta beira botatzeko edukiontziak dituzten toki batzuk jarriko dituzte. Sarrera mugatua izango da. 23 edukiontzi jartzeko asmoa dute. Gainera, mankomunitateak uste du eskualdean 2.838 etxebizitza daudela konposta egiteko moduan, eta horri esker egun sortzen den konposta kopurua «nabarmen» handitzea espero dute.
Gipuzkoako industriak
Gipuzkoan, San Marko mankomunitatea osatzen duten herrietan, enpresek aukera izango dute hondakinak gaika biltzeko. Astelehenetik aurrera egingo dute, eta bat egiten duten enpresek abantailak izango dituzte tasetan. San Marko mankomunitateko aurreko zuzendaritzak zero zabor politiken alde egindako apustuaren emaitza da.
Martxoan hasiko dira hondakinak atez ate biltzen Sakana eskualdean
Mankomunitateak oniritzia eman dio gaikako bilketa egin ahal izateko bideragarritasun planari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu