EAE-ko hauteskundeak

Martxoaren 13an aurkeztuko ditu Aukera Guztiak herri ekimenak hautesle zerrendak

Apirilaren 17ko EAEko hauteskundeetan "eskubide zibil eta politiko guztiak gauzatzeko" bermea emateko helburuarekin sortu zuten Aukera Guztiak herri ekimena. Beste urrats bat eman, eta boz horietara hautesle elkarte gisa eratuta aurkeztuko direla jakinarazi dute gaur. Bihar zortzi, martxoaren 13an, aurkeztuko dituzte zerrendak jendaurrean.

2005eko martxoaren 5a
18:00
Entzun
"Aukera Guztiak ekimenak bere ikusmolde eta asmoak plazaratu zituenean adierazi zuen hautesle zerrendak aurkezteren inguruko erabaki finkorik ez zegoela. Bada, gaurkoan adierazi nahi dizuegu baietz: Aukera Guztiak herri ekimenak hautesle zerrendak aurkeztuko dituela, eta datorren igandean, martxoaren 13an publiko egingo ditugula", jakinarazi du Xabier Mendiguren Elizegi editore, idazle eta ekimenaren sustatzaile taldeko kideak.

Mendigurenek nabarmendu du atxikimendu ugari jaso dituztela orain arte, eta, gainera, hainbat herritarrek zerrenda horietan aurkezteko prestutasuna agertu dutela. Era berean, proiektu politiko jakinik ez dutela azpimarratu du; beren asmo soila eskubide zibil eta politiko guztiak gauzatzeko aukera ematea dela.

Aukera Guztiak ekimenak 18.000 sinadura behar ditu hautesle elkarte gisa bozetan parte hartzeko. Hasiak dira bilketa lanetan, baina eguraldi txarra eta zenbait arazo administratibo tarteko nahi baino mantsoago doala azaldu dute. Horregatik, sinatzera joatera deitu dituzte berriro ere herritarrak, eta epea martxoaren 11n agortzen dela oroitarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.