Alkatetzara heldu zirenean iragarritako hitza bete eta hondakin sistemari buruzko galdeketa egingo dute Ordizian, martxoaren 13an. Jose Miguel Santamaria alkateak iragarri du emaitza "loteslea" izango dela.
Ordizian 2013an jarri zen martxan atez ateko bilketa sistema. Urte hartan, birziklatze tasa %36tik %70era igaro ziren. Ordea, oposizioan ziren EAJ eta PSE hasieratik agertu ziren sistema horren kontra, eta bosgarren edukiontziaren alde. Horiek hala, hauteskunde kanpainan iragarri zuten alkatetzara helduz gero galdeketa bultzatuko zutela.
Lezon, akordioa
Ordizian bezala, Lezon ere martxorako iragarri zuen galdeketa Kepa Garbizu alkateak. Baina joan den astean, EH Bildurekin hitzartuta, sistema mistoa ezartzea erabaki zuen udal gobernuak.
Akordioa ez da, ordea, denen gustukoa izan. PSE-EEk udalean duen eledunak, Jose Angel Sanchezek, "iruzur politikoa" egitea egotzi dio EAJk zuzentzen duen udal gobernuari. "Akordioak herriko giroa gaiztotuko du, eta badakit epe laburrera akordioaren kontrako mobilizazioak egongo direla". Hala, PSEk iragarri du galdeketa egiteko eskatuko diola udalari.
Dataren zain
Urtarrilean egin zituzten atez atekoari buruzko galdeketak Legazpin eta Aretxabaletan; eta joan den urteko azaroan Bergaran eta Eskoriatzan. Guztietan ere herritarren gehiengo zabala bosgarren edukiontziaren alde agertu zen.
Hala ere, galdeketa egingo dutela iragarri duten herrien zerrenda luzeagoa da. Horietako bi dira Pasaia eta Astigarraga.