Bidegiko ikerketa batzordeko agerraldiak zehazteko bilera egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eskatutako agerraldi guztiak onartu dituzte; hamazazpi guztira. Denek bi egunetan emango dituzte azalpenak —martxoaren 13an eta 16an—, eta martxoaren 20rako ondorioen dokumentu bat proposatuko du batzordeko presidente Lohitzune Txarolak.
Hilaren 23ra arte izango dute zuzenketak aurkezteko epea. Biharamunean, boto partikularrak aurkezteko epea zabalduko dute, eta martxoaren 30ean egingo dute ondorioak bozkatzeko osoko bilkura. Batzar Nagusiak desegin aurreko egunean izango da bozketa.
Taldeek atzora arteko epea zuten agerraldiak eskatzeko. Bi izenek hartuko dute protagonismorik handiena: Markel Olano ahaldun nagusi ohiaren eta Eneko Goia Bide Azpiegituretarako diputatu ohiaren agerraldiak eskatu dituzte EH Bilduk eta PPk; Olano eta Goia hautagai dira hurrengo bozetan. Bidegin dirua oker erabili ote zituen ikertuko du batzordeak.
EAJk eta PSE-EEk eskatu dute Bide, Kanal eta Portu Ingeniarien Elkargoak txosten bat egitea. Gainerako taldeek onartu egin dute eskaria, betiere batzordearen lanak moteltzen ez baditu. Eider Mendoza EAJko batzarkideak adierazi du diputazioak eskatutako txostena "partziala" dela, eta beharrezkotzat jo du bigarren txosten bat eskatzea. Aldundiaren txostenaren inpartzialtasuna defendatu du Bilduk.