Euskal Herria

Martxoaren 2an egingo dute Udalbiltzaren Batzar Eratzailea, Donostian

Euskal Herri osoko 1.201 udal hautetsik, 143 alkatek eta 319 udalek bat egin dute Udalbiltza berriz osatzeko prozesuarekin. Batzarrean, hurrengo urteetako lehentasunak aurkeztuko dituzte, eta Udalbiltza zuzenduko duen talde eragilea izendatuko dute.

Berria.info
2013ko urtarrilaren 16a
12:49
Entzun

Martxoaren 2tik aurrera lanean izango da berriz ere Udalbiltza. Egun horretan egingo dute Batzar Eratzailea, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; hurrengo urteetako lehentasunak aurkeztuko dituzte, eta Udalbiltza zuzenduko duen talde eragilea izendatuko dute. “Euskal Herria aintzat hartzen duten udal hautetsi guztiak” daude deituta bertan parte hartzera.

Udalbiltza berriz osatzeko prozesuaz arduratu den talde sustatzaileak agerraldia egin du Donostian. Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotziak azaldu duenez, dagoeneko Euskal Herri osoko 1.201 udal hautetsik, 143 alkatek eta 319 udalek bat egin dute Udalbiltza berriz osatzeko prozesuarekin. Udalbiltzak egun dituen “bi espresioez” egindako lanaz duten iritziaz galdetu diete hautetsi horiei guztiei: bi espresioak batzeko egokitasunaz, Udalbiltzak etorkizunean jorratu behar dituen gaiez, lehentasuneko lan ildoez, antolatzeko sistemaz eta zuzendaritza aukeratzeko prozeduraz. Astebetean ehundik gora erantzun jaso dituztela jakinarazi du Aberasturik.

Hori dela eta, ekarpenak jasotzeko epea urtarrila amaitu arte luzatzea erabaki dutela adierazi du —proposamenak [email protected] helbidera bidaliz—. Horrekin batera, talde sustatzaileak azpimarratu du "Udalbiltzaren ateak" irekita jarraitzen duela eta nazio mailako gizarte eragileekin biltzeko eskaerak ugaritu egin direla. Atxikimendua emateko: http://udalbiltza2012.net.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.