Frankismoak gizateriaren aurka egindako krimenak ikertzeko auzia irekiko du Gasteizko Udalak Espainiako epaitegietan. Gertaera horien artean 1976. martxoaren 3ko gertaerak ere ikertzeko eskatuko dute.
Udal gobernuan dauden alderdi guztiek bozkatu dute agiriko puntu guztien alde, PPk izan ezik: bosgarren, seigarren eta zazpigarren puntuen aurka bozkatu du. Puntu horietan, honakoak zehazten dira: Argentinako jurisdikzioak daraman prozeduran udala akusazio gisa agertzea; Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak eta bestelakoak eskatzeko; Gasteizko Udaleko Memoria Historikoaren Lantaldearen barruan frankismoaren diktadurak egindako gizarteriaren aurkako krimenak aztertzea, krimen horiek gasteiztarrei eragiten dieten heinean.
Bilkura polemikoa izan da, izan ere, Javier Marotok, PPren bozeramaileak udalean, adierazi du gaur udalean onartutakoa ez dutela tramitera onartuko, eta beraz, "biktimen sentimenduekin jolastea" litzatekeela. Marotok esan du ziur dagoela eskakizunak izango duen bideaz, "1977ko Amnistiaren Legeak debekatzen baitu". Giroa berotu egin da Xabier Arzallusek idatzitako testu bat irakurri duenean Marotok, Amnistia Legea babesteaz gain, "ahaztura" orokortzearen aldeko apostua egiten duena.
Erantzunen txandan, Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak azpimarratu du "hitz politez harago", martxoaren 3ko gertaeren kondena "ekintzekin frogatu behar dela". Martxoaren 3ko biktima baten senide Nerea Martinezek, hunkituta, adierazi du senideei gertatutakoa ahazteko eskatzeak ez diela balio: gertatutakoa ez dutela inoiz ahaztuko eta behar dutena justizia, egia eta erreparazioa direla nabarmendu du.