40 urte dira Espainiako Estatuan Francisco Franco diktadorea hil ondorengo aurreneko udal hauteskundeak egin zituztela, eta urteurrena gogoratzeko ekitaldia egin dute Espainiako Kongresuan. Gonbidatuan artean zegoen Rodolfo Martin Villa, garai horretan Espainiako Gobernazio ministro zena. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil izanaren erantzule politikotzat jotzen dute, eta Frankismoko krimenen aurkako kereilan auzipetu zuten. Auzia artxibatu egin zuten aurtengo otsailean.
Madrilen izan dira Martxoaren 3ko biktimak ere. Frankismoaren bikitmak oroitzeko, beste ekitaldi bat egin dute, eta bertan izan dira Jose Luis Martinez Ocio eta Eva Barroso, Gasteizen hildako bi langileren anai-arrebak. Madrilen zeudela, aurrez aurre izan dute Martin Villa, eta kontuak eskatu dizkiote. Elkarteko kideek azaldu dutenez, bost minutuz aritu dira hizketan, eta eskatu diote "bere ardura" hartzeko eta "aurpegia emateko".
Hark erantzun die "kontzientzia lasai" duela "egindako guztia ongi egin" zelakoan. Gainera, Martin Villak esan die bera prest dagoela epailearen aurrean deklaratzeko, baina "estatuko estamentuak" direla hala egitea galarazten diotenak.
1976ko martxoaren 3an, Pedro Maria Martínez Ocio, Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak hil zituen Poliziak.