Gaur epaitu dituzte Arabako Lurralde Auzitegian 2006ko martxoaren 3ko manifestazioan Gasteizen Ertzaintzak atxilotutako hiru kideak, epaiaren zain uztea erabaki du epaileak. Urtero egiten dute manifestazioa 1976an Espainiako Poliziak Gasteizen hil zituen bost langileak omentzeko, eta manifestazioan parte hartzen ari ziren atxilotuak: Josu Ormaetxea, Andoni Txasko eta Aitor Fernandez de Ortega. Hurrenez hurren, 18, 26 eta 30 hilabeteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete. Auzipetuen defentsa abokatuek Ormaetxea eta Txaskorentzat absoluzioa eskatu dute eta Fernandezen kasuan, aldiz, 30 hilabeteko zigorra "gehiegizkoa" dela nabarmendu dute. Martxoak 3 elkarteko bozeramailea da Txasko.
Hasiera batean, Roberto Sainz eta Igor Angulo kartzelan hil berri ziren presoen argazkiak eramateagatik "terrorismoa gorestea" egotzi zieten. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak salaketa hura artxibatu egin zuen. Gaurko epaiketan "polizien aginduei men ez egitea eta autoritateari erasotzea" leporatu diete.
Epaiketaren atarian hiru auzipetuek jasotako babesa eskertu dute. Arabako Biltzar Nagusietan agiri horrekin bat egin dute Ezker Abertzaleak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak. LAB, ELA, EILAS eta ESK sindikatuek ere adierazpena berretsi dute.
Auzipetuei egozten zaizkien delituak "faltsukeriaz betetako" Ertzaintzaren txostenetan oinarrituta daudela salatu dute. Hain zuzen ere, auzipetuek epaitegian bideo bat aurkeztu dute eta bertan Ertzaintzaren txostena dudan jarri dute. Martxoak 3 elkarteak Arartekoan salatu zuen ertzainek manifestazioan izandako jarrera: "Ez genuen inolako bortizkeriarik erabili. Ertzainak izan ziren abisurik eman gabe gure gainera bota, jo eta ostikatu gintuztenak".
Manifestazioa egin dute
Auzipetuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egin dute hainbat lagunek gaur goizean, Zaramagan, San Frantzisko eliza ataritik epaitegiraino. Martxoak 3 elkarteak deitu du ekimena.
Politika
Martxoaren 3ko ekimeneko hiru auzipetuak epaiaren zain geratu dira
1976ko biktimen omenez duela hiru urte egindako manifestazioan Ertzaintzak hiru lagun atxilotu zituen Gasteizen, "polizien aginduei men ez egitea eta autoritateari erasotzea" leporatuta. 18, 26 eta 30 hilabeteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete Josu Ormaetxea, Andoni Txasko eta Aitor Fernandez de Ortegari. Defentsa abokatuek Ormaetxea eta Txaskorentzat absoluzioa eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu