MEMORIA HISTORIKOA

Martxoaren 3ko gertakarien auzia Estrasburgora eraman asmo du Martxoak 3 elkarteak

Auzitegi Konstituzionalak beste behin baztertu du 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren hilketak ikertzeko aukera. Auzia artxibatzearen kontra helegitea aurkeztu zuten Arabako Batzar Nagtusiek eta Gasteizko Udalak, eta auzitegiak ez ditu helegiteak tramitera onartu. Espainiako auzibidea agortu du erabakiak.

1976ko martxoaren 3ko gertakarien urteurreneko manifestazioa, 2015ean, Gasteizen. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 15a
15:02
Entzun

Arabako Batzar Nagusien eta Gasteizko Udalaren helegiteek 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren gertakariak ikertzeko galdegin diote auzitegiari, nazioarteko zuzenbidearen irizpideetan oinarrituta. Egun horretan, bost manifestari hil zituen Espainiako Polizia Armatuak, eta hilketak gizateriaren aurkako krimena izan daitezkeela argudiatu dute Arabako bi erakundeek. Aldiz, helegite horiek ez dute onartuak izateko garrantzia juridiko nahikorik, Auzitegi Konstituzionalaren arabera.

Martxoak 3 elkarteak salatu egin du auzitegiaren erabakia. "Zoritxarrez, beste behin baieztatu dugu Espainiako Estatuak ez duela borondaterik nazioarteko zuzenbidean giza eskubideen alorrean hartuak dituen ardurak betetzeko".

Biktimen elkarteak gaineratu du lanean jarraituko duela Espainiako Estatuko epaitegiek nazioarteko zuzenbidearen araberako epaiak ebatzi arte. Horretarako, neurriak hartzen jarraituko duela iragarri du, baita nazioarteko erakundeetan ere. Elkarteak jakitera eman du auzia Estrasburgora bideratzeko asmoa duela, eta Europako Giza Eskubideen auzitegira jotzeko aukerak aztertu nahi dituela Arabako Batzar Nagusiekin eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.