Hondakinak atez ate biltzen hasiko dira Antzuolan (Gipuzkoa). Usurbilen, Hernaniren eta Oiartzunen ostean, zaborra hala bilduko duen Euskal Herriko laugarren herria izango da. Astelehenean hasiko dira herritarrei nola parte hartu azaltzen eta informazioa banatzen, eta, ondo bidean, martxoaren 7an jarriko dute martxan sistema. Egindako urratsaren garrantzia nabarmendu zuen Pedro Iturbe alkateak atzo egindako agerraldian: «Ohitura aldaketa txiki batekin emaitza ikaragarri handia lortuko dugu, eta bidea irekiko diegu Debagoieneko beste herriei».
Astelehenetik aurrera egongo da martxan atez atekoari buruzko informazio bulegoa udaletxean. 17:30ean izango da inaugurazio ekitaldia. Ordubete beranduago egingo dute aurreneko bilera irekia herritarrekin; Torresoroa aretoan izango da. Ondoren, urtarrilaren 31 eta otsailaren 3 artean, bilera zehatzagoak egingo dituzte. «Herritarren kezka eta zalantza guztiak argitzen saiatuko gara. Garrantzitsua da bileretanparte hartzea». Horrekin batera, beste informazio bide batzuk ere izango dira telefonoz, posta elektronikoz eta mankomunitatearen webgunearen eta sare sozialen bidez.
Behin bilerak igarota, autokonposta egiteko kanpaina hasiko dute. «Horretarako nahikoa da lur zati bat edukitzea», adierazi zuen Iturbek. Autokonposta egin nahi dutenek Debagoieneko Mankomunitatearen eta Antzuolako Udalaren laguntza izango dute. Konposta egiten irakatsiko diete, eta %20ko hobaria izango dute zaborren zergan. Autokonposta egin nahi duenak atez ateko informazio bulegoan eman beharko du izena.
Otsail amaieran banatuko dituzte hondakinak gaika biltzeko kuboak eta gida praktikoak; eta, okerrik ezean, sistema martxoaren 7an jarriko dute martxan.
Beste herriak
Iazko uztailean onartu zuen aho batez mankomunitateak Debagoieneko zortzi herrietan hondakinak atez ate bildu ahal izatea. Epeka egitea erabaki zuten. Horretarako, hiru multzotan banatu zituzten eskualdeko herriak. Antzuola, Elgeta eta Bergara daude lehen taldean; Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz-Gatzaga bigarren taldean; eta Arrasate eta Oñati hirugarrenean.
Udalek dute mankomunitateakegindako proposamena onartzeko azken hitza. Antzuola izan zen horretan lehendabizikoa. Bi urtean eskualde osora hedatzea espero dute mankomunitateko ordezkariek. Ino Galparsoro lehendakariak horren garrantzia azpimarratu zuen: «Garaia iritsi da hondakinen arazoa benetan konpontzeko. Izan ere, urteen poderioz ikasi dugu arazoa ez direla herritarrak, sistema bera baizik».
Galparsorok emandako datuen arabera,27.990 tona zabor sortu zen 2009an Debagoienan.Tona horietatik %30 birziklatu egin ziren, eta gainerakoak zabortegira bota. «Hori baino okerragoa da, ordea, egungo sistemarekin ez dela hondakin organikorik bereizita jasotzen. Hori larria da hondakinen %40 organikoa delako, eta zabor kutsagarri ugari sortzen delako beste hondakinekin nahastean». Atez atekoarekin hondakinen%85 biriziklatzea espero du Antzuolako Udalak.
Europako Batasunaren zaborren inguruko legeak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea lehenesten dituela gogorarazi du, berriz, Pedro Lasagabasterrek, mankomunitateko Ingurumen Batzordeko teknikariak. «Horiek probatu gabe, ezin dugu jo ez erraustera eta ez zabortegietara. Egun, beraz, legea urratzenari gara». Espainiako Hondakinen Oinarrizko Legeak dio, gainera, etxeko hondakinetako materia organikoa bereizita bildu behar dela 5.000 biztanletik gorako herrietan. «Lege hori beranduenez urtarrilaren 1ean bete behar zen», azaldu zuen Lasagabasterrek.
Martxoaren 7an hasiko dira Antzuolan hondakinak atez ate biltzen
Oiartzunen, Hernaniren eta Usurbilen atzetik, gaikako bilketa egingo duen Euskal Herriko laugarren herria da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu